Atzo, Zarauzko Munoa Plaza Lanbide Heziketaren eta Enpleguaren agertoki bilakatu zen, ZATOZ! Lanbide Heziketa eta Enplegu Azokaren lehen edizioa jasoz.
Azoka hau Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, Garapen Agentziek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatu dute, elkarlanean, talentuaren sorrera, erakartzea eta mantentzea sustatzeko.
10:00etan ireki zituen ateak azokak, eta 18:00etara bitartean Urola Kosta eta Urola Erdia eskualdeetako Lanbide Heziketako eta enpleguko eskaintza ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Horretarako 9 stand desberdin egon ziren eta horietan, Lanbide Heziketako eskaintzarekin batera, ikastetxeen enplegurako prestakuntza eskaintza eta Garapen Agentzien zein Lanbideren enplegurako baliabideak ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek.
Harrera ona izan zuen azokak, eta goizean goizetik Urola Erdiko eta Urola Kostako DBHko eta Batxilergoko ikasleak gerturatu ziren karpara. Hala, 950 ikasle inguruk aukera izan zuten eskualdeko eskolen eskaintza gertutik ezagutzeko (Antoniano Ikastetxea, Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea, La Salle Ikastetxea, Lizardi BHI, Orioko Herri Ikastola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Salbatore Mitxelena Ikastola, Zaragueta Herri Eskola, Zumaiena Ikastetxea, Zumaia BHI, Urola BHI).
Ikasleez gain, azoka herritar orori irekia zegoenez, langabezian daudenak, lanean ari direnak edota informazio gehiago eskuratu nahi zuten herritarrak ere gerturatu ziren bertara, gazte, heldu zein gurasoak. Standez eta horietan eskainitako informazioaz haratago, goizean zehar hiru solasaldi ere izan ziren, eta horietako bakoitzean ikastetxe bateko zuzendariak, ikasle batek eta enpresa bateko ordezkariak hartu zuten parte, euren iritzia azaldu eta Lanbide Heziketako egungo egoera eta joerak ezagutzera emateko.
Azokako parte-hartzaileak
- Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia
- Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentzia
- Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzua
- Monte Albertia LHII
- Oteitza Lizeo Politeknikoa
- Zumaia BHI
- Oinarrizko Lanbide Heziketa: soldadura
- Izarraitz Lanbide Heziketa
- Aiala Sukaldaritza ikastetxea
Aurtengo azoka Zarautzen egin den arren, asmoa da datozen urteetan ekimenari jarraipena ematea eta azoka eskualdetik eskualdera txandatuz egitea. Beraz, datorren urtean Urola Erdian egitea aurreikusten da.