Zibersegurtasun araudiak eta ziurtagiriak aztergai, eskualdeko IT arduradunen lan-saioan

2026-02-26
Zibersegurtasun araudi ezberdinen aplikazio praktikoa eta eskualdeko enpresen esperientzia errealak izan dira lan saioaren ardatz nagusiak.

Urola Erdiko industria enpresetako IT arduradunak gaur goizean elkartu dira Basazabal Jauregian (Azpeitia), Iraurgi Berritzenen Industria arloak eta ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak elkarlanean antolatutako saioan.  

Bertan, zibersegurtasun arloan indarrean dauden betebehar legalak eta ziurtagiri nagusiak izan dira hizpide. Helburua enpresa industrialek araudi berrien aurrean dituzten erronkak argitzea, ziurtagiri ezberdinen arteko ezberdintasunak ulertzea eta aplikazio praktikoari buruzko orientazioa eskaintzea izan da. 

Lan saioan zehar, ZIUR-eko Iñaki Torrecillak NIS2 (Network and Information System Directive 2) eta ENS (Esquema Nacional de Seguridad) araudiak eta ISO 27001 ziurtagiria azaldu ditu, baita Europan konektatutako produktu digitalak merkaturatzeko etorkizuneko betebeharrak ezartzen dituen CRA (Cyber Resilience Act) araudia ere. 

Bestalde, eskualdeko industria enpresek euren esperientzia partekatu dute ISO 27001 eta ENS ziurtagiriak lortzeko prozesuan. Ekaitz Lizundiak (BESA), Juan Mari Callejak (Biele) eta Itziar Izagirre eta Josean Sudupek (Elkarmedia) jarraitutako pausoak, izandako erronkak eta aterarako ikaskuntzak azaldu dituzte, gainerako enpresentzat erreferentzia praktiko baliotsua eskainiz.  

Saioaren amaieran, ZIUR-ek konektatutako produktu industrialek Europako zibersegurtasun araudia betetzeko martxan jarri duen azelerazio programa aurkeztu da, eta ondoren eztabaida ireki batek eman dio itxiera saioari, parte-hartzaileen arteko esperientzien elkartrukea sustatuz. 

Lan saio honetan eskualdeko industria enpresa hauetako IT arduradunek hartu dute parte: Biele, Ibarmia, Erlo, Elkarmedia, Sarralle, Elmubas, BESA, Berritek, Ukabi eta Irurena 

Lan saioa hau Iraurgi Berritzenek eskualdeko ETE-ak trantsizio teknologiko-digitalera egikitzeko martxan jarritako ekimenaren baitan kokatzen da, eta industrian ziberzibersegurtasuna sendotzea da bere asmoa.  

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia