Zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko egitasmoa jarri du abian Iraurgi Berritzenek, Elhuyarren laguntzarekin

2017-04-05

Iraurgi Berritzen eta Elhuyar Fundazioak eskualdean zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzeko hainbat ekintza pilotu jarri dituzte abian.

Azken asteetan landu diren ekintzak Floreaga, Ikasberri, Iraurgi, Urola eta Xabier Munibe ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari zuzendu zaizkio. Irakasleei zientzia eta teknologia irakasteko oinarri metodologikoen inguruko prestakuntza eskaintzeaz gain, ikasleekin hainbat tailer pilotu antolatu dira.

Landu diren ekintzen lehen emaitza da Azkoitiko plazan ostiralean egin zuten “Bizilabe” azoka. Bertan, eskualdeko ikastetxe guztietako gazteek ikusgai jarri zituzten tailer praktikoetan landutako prototipoak, besteak beste, mikrobiologia, elektronika eta prototipazioa. Horrez gain, esperimentuak egin zituzten polimeroen edo nanoteknologiaren alorrean.

Azokan ikusi ahal izan ziren prototipoen artean, mikrobiologiaren alorrean egindakoak nabarmendu behar dira, non mikroorganismoak identifikatzeko Petri-ren kaxak garatu zituzten. “Prototipatzean murgiltzen” tailerrean fabrikatutako produktuen prototipoak ikusi ahal izan ziren, baita frutekin egindako pianoak eta jokoak ere. Gauza txikienen mundura ere hurbildu ziren “Nanogauzak” tailerrean. Eta, azkenik, “Litxarreriak eta margoak, testurak eta koloreak; horiek bai nahasteak” tailerrean, polimeroen kimikarekin jardun zuten.

Izaera esperimentala duen proiektua

Proiektuak, Iraurgi Berritzenen sarearen barruan identifikatutako beharrei erantzuna ematea du helburu. Hain zuzen ere, eragile-sarean, ikastetxe, udal nahiz enpresek hauteman dute eskualdean zientzia- eta teknologia-gaitasunak lantzeko beharra, eta, testuinguru horretan, eskualde ikuspegitik, ezinbestekotzat jo da hezkuntzan zientzia eta teknologia gaitasunak sustatzea.

Zentzu horretan, eta Elhuyar Zientzia Hezkuntza Arloaren estrategiarekin bat eginez, BIZILABE izendatu den ekimenaren lanketan dihardute eskualdeko hainbat eragilek; haien artean hausnarketa sustatzeaz gain, ekintza praktikoen garapena hartzen du beregain egitasmoak.

Besteak beste, 2017ko martxoan, bi ekimen nagusi garatu dira. Batetik, eskualdeko ikastetxeetan, DBH eta Batxiler mailan zientzia eta teknologia alorrei lotutako irakasgaiak eskaintzen dituzten irakasleei, bi goizeko prestakuntza mintegia eskaini zaie. Bertan, oinarri metodologikoak ezagutzeaz gain esperientzia nahiz proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute.

Bestetik, berriz, DBH mailako gazteei zientzia eta teknologia alorrari lotutako tailer esperimentalak eskaini zaizkie, bertan Urola Erdiko ikastetxe guztiek hartu dutelarik parte. Tailerretan gazteek jasotako ezagutzak BIZILABE deitu den Azokan erakutsi dira, komunitate osoarekin partekatuz jaso dituzten bizipenak.

Proiektuak epe luzeko ikuspegia du eta eskualdeko udalek nahiz garapen eta berrikuntza agentziak datozen ikasturteetan lan lerro hau garatzen jarraitzea aurreikusten da.

{myFlickr}photoset_id=72157678876820624{/myFlickr}

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia