Bilakaera positiboan jarraitzen du Urola Erdiko lan merkatuak

2022-07-28

Urola Erdian, 2022ko Ekaina amaieran 1.195 langabetu zenbatu dira eta azken hilabeteetako joera baikorrari jarraipena eman zaio. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren datuen arabera, 2022ko Ekainean iaz hilabete berean baina 83 langabetu gutxiago zenbatu dira eskualdean, %6,5 gutxiago.

Era berean, Iraurgi Berritzenen estimazioen arabera, Urola Erdiko langabezia indizea Ekaina amaieran %7,5-ean kokatu da, %5,7 gizonezkoetan eta %9,6 emakumezkoetan. Gauzak honela, eskualdeko langabezia indizea, Gipuzkoakoa (%8,3) baina ia puntu bat txikiagoa da.

Lan Merkatuaren bilakaera positiboa

Era berean, lan merkatuak Martxoa eta Ekaina bitartean izan duen bilakaerari erreparatuz gero, oro har, adierazle ezberdinetan bilakaera positiboa ikus daiteke. Besteak beste, honako puntuak azpimarratu daitezke:

  • Urola Erdian zenbatutako afiliazio kopuruari dagokionean, bilakaera positiboa erregistratu da urteko bigarren hiruhilabetean. Ekaina amaieran 13.331 afiliatu zenbatu dira eskualdean, Martxoa amaieran baina 174 gehiago. Azken hilabeteetan erregistratu den bilakaera positiboari esker, iaz hilabete berean baina 513 afiliatu gehiago zenbatu dira eskualdean, %4,0ko hazkundea. Igoera hau, batez ere, industrian eta zerbitzu sektoreetan eman da.
  • Kontratuen bilakaerari dagokionean, 2022-ko Apirila eta Ekaina artean 1.898 kontratu zenbatu dira Urola Erdian, iaz hiruhileko berean baina %6,8 gehiago. Kontratuen gehiengoa zerbitzuetan zenbatu da, kontratu guztien %57,5 hain zuzen ere. Bestalde, hiruhilekoan erregistratu diren kontratuen herena industriara bideratu da, guztira 642 kontratu.
  • Dirusarrerak Bermatzeko Expedienteei (DBE) dagokionean, Urola Erdian zenbatutako expediente kopuruak beheranzko joeran jarraitzen du eta guztira 518 expediente zenbatu dira, iaz hilabete berean baina 47 gutxiago.
  • Amaitzeko, eskualdean, Ekaina amaieran indarrean 3 Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Expediente (ABEEE) zenbatu dira. Expediente hauek, guztira, 111 langileri eragiten die.

Iraurgi Berritzenek, datozen hilabeteetan eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren nondik norakoak aztertzen jarraituko du, uneoro eskualdeko lan merkatuaren bilakaera ezagutu eta eskualdeko sustapen politikak uneko beharretara egokitzeko asmoarekin.

Langabezia_2022ko_Ekaina.png
iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia