Abian da “ZTIM Urola Erdian” proiektua 3. urtez jarraian

2019-03-01

Abian da hirugarren urtez jarraian, “ZTIM Urola Erdian” proiektua. Proiektuaren helburua, ZTIM –Zientzia, Teknologia, Ingenieritza eta Matematika- gaitasunak nahiz bokazioak sustatzea da gaztetxoen artean.

Ekimenak “IB Sarea” lankidetza sarearen baitan egituratzen den Hezkuntza Gunean du jatorria eta eskualdeko 5 ikastetxek – Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Urola Ikastola – hartzen dute bertan parte.

Ikasturtean zehar, eskualdeko ikastetxeetan, DBH nahiz Batxiler mailan, ZTIM irakasgaietan ikerketa proiektu ezberdinak garatzean datza proiektua. Hauek, ikastetxeak berak erabakitako irakasgai eta adinetan landuko dira. Aurreikusten diren ikerketa proiektuen artean, “Erreakzio Kimikoak”, “Mikroorganismoak”, “Ibaien ekologia”, “Kristalizazioa” edota “Prototipogintza” aipa daitezke. Prozesuan zehar, prestakuntza saioen antolaketan nahiz proiektuen tutorizazioan Elhuyar fundazioaren partehartzea aurreikusten da.

Proiektua bi fasetan egituratu da. Batetik, otsailean zehar eskualdeko ikastetxeetan zientzia eta teknologia arloetako irakasgaiei zuzendutako irakasleei prestakuntza mintegia eskaini zaie. Prestakuntza mintegian zehar, proiektuen gidaritzarako oinarri metodologikoak lantzeaz gain eskualdeko ikastetxe ezberdinek dituzten asmo eta nahiak elkarbanatu dituzte. Bigarren fasean berriz, ikastetxeetako irakasleek mintegian jasotako jakintzak aplikatu eta ikasleekin proiektu ezberdinak garatuko dituzte. Ikerketa lanen garapenean, unibertsitate nahiz ikerketa zentro ezberdinetako adituen laguntza izango dute. Elhuyarrek duen ikertzaile boluntarioen sareari esker. Ikertzaileak, lan talde ezberdinek ikerketa proiektuetan izan ditzaketen zalantzak argitzeaz gain euren eguneroko jarduera nahiz esperientzia pertsonala ikasleei hurbiltzen saiatuko dira.

Oro har, proiektuan eskualdeko 5 ikastetxe, 10 irakasle, 6 ikerketa proiekturen garapena eta 200 gaztetxo inguruk parte hartzea aurreikusten da. Bestalde, ikasturte amaieran eta 3. Urtez jarraian, ikastetxeek landutako ikerketa proiektuak aurkeztuko diren “Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azoka” ospatzea aurreikusten da.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia