Ikasturteko azken txanpan gaude eta Iraurgi Berritzen eta Energiaren mahaiak bultzatutako Euronet 50/50 proiektuan gauza asko egin dituzte.
Aurten programa hasi zuten ikastetxe bakoitzeko ibilbide energetikoa eginez, hau da, nola argiztatu eta nola berotzen da eskola bakoitza? Ondoren, energia iturrietan sakondu zuten. Zeintzuk daude? Zein da bere jatorria? Zein abantaila eta arazo ditu bakoitzak? Eta jabetu ziren gutxiago gastatzeko neurriak hartu behar dituztela eta “pobrezia energetikoa” gure gizartearen gaur egungo gaitza bihurtu dela.
Honekin batera, “Gure ohitura energetikoen SEMAFOROA” egin zitzaion ikastetxe partaide bakoitzari bakoitzak hobetu beharreko ekintzetatik abiatuta. Semaforo hau, ikastetxeetako gune ikusgarrietan dago eta hiru garai ezberdinetan hausnartu egin dute ikasleek hobekuntzen bila. Ikasleen ohitura energetikoak semaforoaren bitartez irudikatu nahi izan dira eta abiapuntu bezala gorriz edo horiz jarritako ohiturak berde kolorean bihurtzea izan da helburua.
Jolasa ikasteko beste modu bat dela sinesten dute eta horretan jarri zituzten ikasleak joko ezberdinekin. Lehen hezkuntzakoak kartetan aritu ziren, baina ez edonolako kartak! Seiko urrearen jokoak duen dinamika aprobetxatuz, energiarekin lotutako kontsumo egokiak eta desegokian parekatu dituzte. Jolas honen azken xedea, ohitura egokiek Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzera garamatzatela izan da, baina ez ordea ohitura desegokiek. Ikasleak gustura aritu ziren jolasten. Bigarren hezkuntzako ikasleentzat joko digital eta interaktibo bat prestatu da. Honetan, eta GJHak oinarritzat hartuta, froga ezberdinak gainditu eta kandadua zabaltzeko kode ezkutua lortu behar izan dute.
Ikastetxe bakoitzak, saio guzti hauen garapenaren berri ematen duten web gunea dauka. Gainontzeko ikasle zein irakasleei informazioa helarazteko tresna baliagarria da. Baita familiei ere!
Amaierako saioak egin berri dira, hauek ere jolasean, eta oraingoan zenbait galdera eta frogen bidez ikasturtean zehar ikasitakoa errepasatuz. Programan parte hartzen duten herri bakoitzean egin dira jolasak eta Azkoitia eta Azpeitiko kasuan, ikastetxe ezberdinetako ikasleak elkartu eta batera aritzeko aukera izan dute.
Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako diru laguntzari esker finantzatu da.