Datorren larunbatean, martxoak 23, ospatuko da azken urteotan hainbeste indar hartu duen eta punta-puntako bihurtu den Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren 31. Edizioa, aurtengoan, kultura, festa eta kirola uztartuko dituelarik lasterketak. Pasa den ostiralean ospatu zen Azpeitian lasterketaren aurkezpen ekitaldia, eta bertan parte hartu zuten Maratoi Erdiaren antolatzaileak, bi herrietako udal ordezkariak, Iraurgi Berritzen eta Gipuzkoako Atletismo Federaziokoak, Marea Urdina, eta enpresa babesleetako arduradunak. Diego Garciaren arreba, Carmen Garcia, ere bertan izan zen.
Argi dago lasterketa honek proiektatzen duena oso potentea dela Urola Erdia eskualdearentzat, alde batetik, kanpora begira lehen mailako kirol froga bat da, bailarara lasterkari nahiz beraiei laguntzen datozenak, izan familia edo lagun, erakartzeko potentziala duelako. Eta bestalde, barnera begira ere bertakoak lotura handia dute, ekitaldia Diego Garcia bezalako ikono bati lotuta dagoelako.
Turismoren ikuspegitik berriz, froga honekin lankidetza edukitzea aukera bat dela kontuan izanik, atletismo froga beraren ordutegitik haratago Running festa hau luzatzea erabaki dute frogaren antolatzaileek eta Iraurgi Berritzenek.
Simil atletikoa eginez, lasterketarako beroketa gisa eta Azkoititik Azpeitirako ibilbidea jarraituz, larunbat goizean, lasterketaren egunean bertan bi herrietan bisita gidatuak antolatu dira, lasterkari, laguntzaile, edo bertako herritarrei zuzenduta, gure herrietako ondare kultural eta historikoa ezagutara eman eta erakusteko aukera ona delarik.
Goizeko 10:00etan izango da Azkoitiako bisita, eta Azpeitiakoa berriz 12:00etan. Bisita hauek euskaraz nahiz gazteleraz egingo dira bi gidari adituren eskutik.
Bertan parte hartzeko interesa izanez gero, izena eman beharko da 688 759 429 zenbakira deituz edo whatsapp bat idatziz.