Bertan/Herrixen/Zestoan geunden, gaude, egongo gara

2020-04-02

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Merkatari Elkarteek, Iraurgi Berritzen Garapen Agentziarekin batera mezu hau helarazi nahi dute:

Covid-19ak sortu duen alerta egoera dela eta, herriko saltoki batzuk itxi beharra izan dute. Pentsa autónomo batentzat zer den hau. Bere ogibidea dena ixtea. Baina herritarren Osasuna lehenetsita inolako trabarik ipini gabe halaxe egin dute. Denon onerako.

Dendako ateak itxita barruko lanetan daramatzate egunak. Batzuk, genero berria ilusioz jaso eta herritarren etorrera egunerako dena prest izateko indarrarekin lanean dihardute. Beste batzuk teléfono zerbitzua eta etxera eramateko sistema martxan jarri dute. Dena herritarrengan pentsatuz, ezer falta ez dakien. Bide batez eskertu nahi da, erosketak egiteko beharra duten herritarrrei laguntzen ari diren bolondresen lana.

Beste saltoki batzuk lanean dihardute. Lehen beharrak asetzeko gaitasuna dutenak, lehen minututik zabalik daude. Saltoki hauek herria eta herritarrak zaintzen dituzte, beraien osasuna modu esponentzialean arriskuan jarriz. Hauek dira herriari jaten ematen diotenak. Hauek dira une beltz hauetan herriko kaleei eta norberari ere normaltasun itxura pixka bat ematen diotenak.

Denontzat egoera latza den garai honetan, herriko saltokiak beraien gertutasun, konfiantza, lasaitasun eta berotasuna ematen jarraitzen dute. Orain ere hor daude. Beti egon diren moduan.

Hau dena normaltzen denean saltoki asko eta asko izango dira beraien ateak irekita mantentzeko zailtasunak izango dituztenak. Egunerokotasunari aurre egiteko herritarren beharra izango dute, hauek orain beraien beharra duten bezala.

Orain beraiek zaintzen dituzte bezeroak, hauek erosketak lasai burutu ahal izateko babes neurri guztiak hartuz. Ondoren, herritarren beharra izango dute, hauek zaindu beharko dituzte galdu nahi ez badituzte. Ez dezaten ahaztu inoiz.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia