Elkarrekin Eraikitzen 2014-15 Proiektuaren itxiera egingo da datorren ekainak 18 ostegunean

2015-06-17
Elkarrekin eraikitzen

Datorren ekainak 18 ostegunean, bigarren urtez jarraian, Elkarrekin Eraikitzen 2014-15 proiektuaren itxiera ekitaldia ospatuko da Azpeitiko udaletxean 5.solairuan. Goizeko 11etatik 13etara ospatuko da jardunaldia eta aurtengo edizioaren ebaluazio eta partehartze datuekin ekingo zaio.

Ondoren, ikastetxe partehartzaileetako ikasleek, proiektuan zehar bizitako esperientziak nahiz egindako hausnarketak aurkeztuko dituzte jendartean. Ekitaldia, proiektuan parte hartu duten eragile ezberdinek osatutako mahainguru batekin amaituko da, bertan izango dira udal, enpresa, ikastetxe nahiz Iraurgi Berritzeneko ordezkariak.

Aurtengo ekitaldian, iaz bezala, eskualdeko 5 ikastetxeek (“Floreaga Salestar Ikastetxea”, “Iraurgi Ikastetxea”, “Ikasberri Azpeitiko Ikastola”, “Xabier Munibe Azkoitiko Ikastola” eta “Urola Ikastola”) hartu dute parte. Proiektuaren koordinatzaile lanetan berriz, Iraurgi Berritzen -Urola Erdiko garapen eta berrikuntza erakundeak- eta Ie Team kanpo adituak aritu dira. 7 eragileek elkarlanean garatu duten edizio hau 2014ko udazkenean hasi eta aipatu den jardunaldiarekin amaituko da, datorren ikasturtean edizio berri bati ekingo zaiolarik.

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak, ikaslea, proiektua nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain 3 helburu nagusi bete nahi ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetasunari lotutako balio eta gaitasunak sustatzea du helburu, besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hau bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodología berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren 3. eta azken helburua berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin hartu ditzaten.

Aurten ere proiektua bi fase nagusitan egituratu da. Lehenik eta behin, eskualdeko ikastetxeetako irakasleek elkarlanean, ondoren ikasleek aplikatu dituzten metodología berritzaileak esperimentatu dituzte ondoren ikastetxe bakoitzak bere neurrira egokitzen den proiektu bat egituratu duelarik. Bigarren fasean aldiz, ikasleak talde txikitan bilduta, irakasleek planifikatutako prozesuaren bitartez, Iraurgi Berritzenek proposatutako 8 kasu errealak hausnartu eta lanketa bat aurkeztu dute.

Partehartzaileek, bereziki ikasle nahiz irakasleek, bigarren edizio hau ere positiboki ebaluatu dute eta izan dituen partehartze datuengatik ere arrakastatsutzat jo daiteke. Proiektuan zehar, 15 irakasle eta 250 ikasle inguruk hartu du parte. Hauez gain, prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan borondatetsu 40 eragiletik gora hartu dute parte. Besteak beste, hainbat enpresa ordezkari, Azkoitia nahiz Azpeitiako udal ordezkariak, Urkomeko ordezkariak, Merkatari elkarteetako ordezkariak, Iraurgi Berritzeneko ordezkariak, Osasun Zentroetako ordezkariak nahiz lehen sektoreko hainbat ustiategitako arduradunekin egoteko aukera izan dute ikasleek.

Proiektuaren blog-a: www.elkarrekineraikitzen.wordpress.com
Informazio gehiago: Jon Zubizarreta (jzubizarreta@iraurgiberritzen.net)
Iosu Sorazu (isorazu@iraurgiberritzen.net)

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia