Urola Erdiko Enpresa Gunea -eskualdeko sektore eta tamaina desberdinetako 10 enpresak osatua- bildu zen pasa den maiatzak 14ean, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako alkate eta udal ordezkariekin, Covid 19 krisi egoerak, enpresetan izaten ari den eragina aztertzeko eta aurrera begira, ehun industrialak dituen erronka eta beharrak azaltzeko.
Bileran partehartzaileek egindako azalpenen arabera, industrian aktibitatearen jeitsiera nabarmena izaten ari da, sektoreen arabera maila desberdinetan eragiten ari delarik (automozioko sektorean bereziki eraginez) eta atzerriko bezeroak dituzten enpresek, kezka bereziak dituztela ere nabarmendu zen, epe ertainera merkatuak izango duen joeraren inguruan dauden ziurgabetasunak kontuan izanik. Segurtasun aldetik, enpresa guztiek protokoloak eta prebentziorako behar diren neurri guztiak hartu dituztela ere jakinarazi zuten.
Bestalde, enpresen barne antolaketaren kudeaketan, enpresek erronka handiak zituztela ere garbi agertu zen, besteak beste pertsona eta teknologia berriak kudeatzen, Telelanaren inplantazioa eta Teknologien garrantzia azpimarratu ziren. Produkzio arloetako langilegoaren artean, turno eta ordutegietan neurriak hartu zirela azpimarratu zen, segurtasuna, flexibilitatea eta kontziliazioa posible egiteko neurriak lehenetsiz. Enpleguaren ikuspuntutik, ERTE egoeran aurkitzen ziren enpresa batzuk ere beraien ikuspuntua azaldu zuten. Ziurgabetasun handi honen inguruan, finantziazio aldetik ere ze neurri hartu beharko diren datozen hilabeteetan ere nabarmendu zen, eta enpresek beraien kezkak azaldu zituzten, ordainketen atzerapenak sortuko dituen likidezia arazoei buruz.
Bileran onartutako proposamenen arabera, eskualdeko eragile ekonomikoen elkarlana kritikoa izango da krisi honen zailtasunei aurre egiten laguntzeko, eta ildo honetatik, aktibatuko dira elkarlan aukera desberdinak, balioan jarriz azken urteetan sustatutako enpresen elkarlan sarea.
Ildo honetan, enpresa eta udalen arteko topagunea hilero ospatzea onartu zen, batetik eskualdeko enpresen egoeraren berri izateko, eta bestetik, egoera honek kudeaketa aldetik sortzen ari den zihurgabetasuna dela eta, enpresa arteko lan saio telematikoak antolatuko dira Ikasiz programaren baitan, enpresaren alderdi desberdinen kudeaketaren inguruan esperientziak eta ezagutzak konpartitzeko, eta azkenik, eskualdeko enpresei bigarren galdeketa egingo da egoeraren berri eguneratua izateko.
Ildo hauetaz gain, IBek krisi haseratik aktibatu dituen diru laguntzen difusio eta bitartekaritza jarraituko du garatzen, eta honekin batera, bai udaletako bai eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Innobasquerekin elkarlanean dituen beste lan lerro desberdinetan sakonduz (Estrategia, Lehiakortasuna, Dibersifikazioa, Talentua, Industria 4.0, lan inguru berriak enpresa kudeaketan…).