Pasa den asteazkenean eskualdeko bi ekintzaile Urola Ikastolan izan ziren beraien ekintzaile esperientziak elkarbanatzen.
Batxilergoko 2.mailako ikasleek aurten sortu berri diren bi egitasmo gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Saio batean, apartamentu turistikoen kudeaketa osoa eskaintzen duen BASKEY enpresa izan zen eta bestean berriz, Marketing eta Komunikazio proiektuak lantzen dituen XAREKO enpresa.
Lehedabiziko saioan, Urola Ikastolako ikasleek Baskey enpresak bere ibilbidean izandako zailtasunei nola emango zioten irtenbidea landu zuten taldezka, eta ondoren Baskey-ko Alex Silvak enpresak errealitatean nola eman zion buelta azaldu zien ikasleei.
Bigarrenean aldiz, ikasleek 3. Ebaluazioan landutako enpresa proiektuak ekintzailearen elkarbanatzeko aukera izan zuten eta Xarekoko Usoa Etxeberriak aholkuak eman zizkien proiektuak lantzerako orduan.
Izan Ekintzaile! Hezkuntza arloko proiektuak gazteengan ekintzailetasuna sustatzetik haratago eskualdeko ekintzaileei ikusgarritasuna ematean du xede.
Hezkuntza alorrak, gaur egun eta etorkizunean gizarteak dituen erronkei aurre egiteko ingurune egokia sortzea du helburu, honetarako ikastetxeen beharrei erantzuna emango dien proiektu konkretu eta eraldatzaileen garapenaren bitartez.