Eskualdeko ikastetxeek aurrezte energetikoa sustatuko dute “Entzun energiaren ahotsa” egitasmoaren bidez

2020-03-04

Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, Urola Erdiko Energia Mahaiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eraikin publikoetan energia aurreztea helburu duen “Entzun energiaren ahotsa” kanpainarekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak sustaturiko eta Iraurgi Berritzenek koordinatzen duen Euronet 50/50 proiektu europarrarekiko hitzarmena sinatu dute.

Ekimena aitzindaria da eskualdean, eta dagoeneko Europa osoko 500 ikastetxetan baino gehiagotan egin da, emaitza arrakastatsuekin.

Azpeitiko Basazabal Jauregian ospatu den aurkezpenean izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Diputatua, Azpeitiko eta Azkoitiko Alkateak eta bailarako ikastetxeetako ordezkariak.

Proiektuan parte hartzen duten ikastetxeak honakoak dira: Urola Ikastola BHI, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Iraurgi Ikastetxea eta Azkoitia BHI. Kanpainaren helburu nagusia ikastetxe horietan energia kontsumoa aurreztea da, energia erabileraren eta kudeaketan jardunbide egokiak ezarrita. Zentro bakoitzean aurreztutakoa kontsumo txikigagoa duten eta energiaren eraginkortasuna hobetzea ahalbidetzen duten ekintzetan inbertituko dute. Horrez gain, programaren barruan ikasleei energia aurrezteko aholkuak emango dizkien Lur izeneko pertsonaia bat sortu dute.

Egitasmoaren aurkezpenean Asensiok hartu du hitza lehenik, eta hark azaldu duenez, “beharrezkoa” da energiaren inguruko “gizarte ikuspegia” izatea klima aldaketa, energia pobrezia zein energia zaurgarritasuna murrizteko.

Ondoren, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Iraurgi Berritzeneko presidenteak hartu du hitza. Hark programaren sinatzaileen arteko “lankidetzaren garrantzia” azpimarratu du hasteko. Gaur egun, gizarteak eskuartean “atzera bueltarik ez duen erronka” duela azaldu du Zubizarretak klima larrialdiaz aritu denean, eta horri aurre egiteko energia kontsumoari erreparatzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu du.

Orain arte emandako pausoez aritu da, aldiz, Camino Saiz Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendaria eta Urola Erdiko Energia Mahaiko ikastetxeen ordezkaria. Energia kontsumo arduratsuagoari ekiteko plan bat egingo dutela zehaztu du Saizek, eta ondoren, diagnosiaren emaitzak kalkulatuko dituztela ere esan du, energia kontsumoa nola murriztu dezaketen aztertzeko.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere klima larrialdiaren garrantziaz aritu da hizketan, eta energia kontsumoa murrizteko eragile guztien inplikazioa eta konpromisoa “ezinbestekoak” direla nabarmendu du hark.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia