“Etorkizuna Eraikiz” Proiektua aurkeztu du Markel Olano Diputatu Nagusiak

2016-11-11

Pasa den azaroak 3an Iraurgi Berritzenek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlananean antolatutako “Etorkizuna eraikiz” lan jarduna aurkeztu zuen Markel Olano Diputatu nagusiak. Egitasmoaren helburua da batetik proiektu pilotuak martxan jartzea, ebaluatu eta ondoren politika publikoetan txertatzeko.

Bestetik, Gipuzkoan datozen hamar urteetan eman beharreko urratsen inguruan hausnarketa bat egitea da asmoa 2016ra begira, Gipuzkoako Plan Estrategikoa Lantzeko. “Bi arazo -esan zuen Olanok- ikusten genituen eta erantzun bat emateko abiatu dugu Etorkizuna Eraikiz proiektua. Arduradun politikoak eta erakundeak oso urruti ikusten gaitu jendeak eta mesfidantzaz” eta horri jendearen kezka gaineratu behar zaio. “Etorkizunaren inguruan jendea oso kezkatuta dago”. Testuinguru horretatik abiatuta jarri dute martxan Gipuzkoa Eraikiz eta gaur eman dituzte bailara mailan lehen zertzeladak.

Parte hartzea, gizarte politika, kontziliazioa eta berdintasuna, eta euskera dira proiektuak aintzat hartzen dituen lan esparruak.

Azpeitian izan zen aurkezpen ekitaldia eta bertan diputatu nagusiarekin batera parte hartu zuten Azpeitiko eta Zestoako alkateek, Eneko Etxeberriak eta Josetxo Mendizabalek hurrenez hurren, eta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzenen lehendakari den Javier Zubizarretak.

Partaide izan ziren, halaber, KPMGko Eneritz Argatxa; MUko ikertzaile Unai Elorza eta Berritek enpresako gerentea, Karlos Korta.

Hain justu enpresa eta enpresa mundua jorratu zituzten gonbidatuek. KPMGko Eneritz Argatxak berdintasun esparruan egiten ari diren lana azaldu zuen. Momentu honetan berdinasunari dagokionez Gipuzkoaren erradiografia egiten ari dira. Behin hobekuntza ildoak definitutatakoan, estrategia landu eta esperientzia pilotua martxan jarriko dute hainbat enpresetan, gero zabaldu ahal izateko.

Langileriaren parte hartzea eta honek langileen inplikazioan eta motibazioan duen eragina izan zituen hizpide MUko Unai Elorza ikertzaileak. 65.000 inkesta dituzte eginak eta datuak baieztatzeko inkesta kopurua hirukoiztu edo laukoiztu egin behar dela esan zuen. “Momentu honetan pertsonen parte hartzea enpresan parte bat da. Gai izango gara erreproduzitzeko? Hori da helburua”.

Bere aldetik, Berritek enpresako gerente Karlos Kortak eurek egindako hobekuntzak azaldu zituen. “Duela sei urte konturatu ginen enpresa txikiek zaila zeukatela langileei eusteko eta zenbait neurri hartu genituen: ordutegi malgua, ahalik eta langiro ona… Neurri batean hori nahiko erraz lortu genuen baina jendea inplikatzea nahi genuen eta hori zailagoa zen”. Azaldu zuenez horretarako Iraurgi Berritzenen proiektu batean sartu ziren lanaren antolaketa hobeto kudeatzeko. “Orain astero egiten ditugu bilerak eta bakoitzak azaltzen du nola doazen bere lanak, zer behar dituen…”.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia