Euronet 50/50 ekimenarekin aurrera jarraitzen dute Urola Erdiko ikastetxeek “Entzun Energiaren Ahotsa” kanpainaren barruan

2022-02-08

• Ekimenaren helburua energia aurrezteko gakoak barneratu eta hauek praktikan jartzea da.
• Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Iraurgi Berritzen eskualde-agentziarekin buruturiko hitzarmenaren barruan kokatzen da eta Urola Erdiko bederatzi ikastetxek parte hartzen dute.

Bertaratuak, Mónica Pedreira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendari Nagusia; Nagore Alkorta, Azpeitiko Alkatea eta Iraurgi Berritzeneko Presidentea; Xebero Agirretxe, Errezilgo Alkatea eta Javier Zubizarreta, Azkoitiko Alkatea izan dira. Ekitaldira, ikastetxe bakoitzean Energia Mahaia osatzen duten ikasleen ordezkaritza bat ere egon da, ikastetxe bakoitzeko Zuzendariekin batera. Jon Bereziartua, Ikasberri Ikastolako irakaslea izan da orain arte buruturiko aurrerapausoen berri eman duena.

Ekimenean Urola Erdiko Energia Mahaiaren barruan dauden 9 ikastetxek parte hartu dute:
Urola Ikastola (Azpeitia), Karmelo Etxegarai Ikastola (Azpeitia), Ikasberri Ikastola (Azpeitia), Iraurgi Ikastetxea (Azpeitia), Azkoitia BHI (Azkoitia), Xabier Munibe Ikastola (Azkoitia), Izarraitz Lanbide Heziketa (Azkoitia), Bizilore Eskola Aktiboa (Azkoitia) San Martin Herri Eskola (Errezil), 6tik 17 urte bitarteko ikasleek, hain zuzen ere.

“Entzun Energiaren Ahotsa” kanpainaren helburua ikastetxeetan energia aurreztea da, energiaren erabileran eta kudeaketan jardunbide egokiak aplikatuz. Ikastetxe bakoitzean lortutako aurrezpen ekonomikoak kontsumo txikiagoa eta energia-eraginkortasuna hobetzea dakarten ekintzetan inbertituko dira. Ekimenak 3 ikasturte daramatza martxan eskualdean, eta dagoeneko Europa osoko 500 ikastetxetan baino gehiagotan egin da, emaitza arrakastatsuekin.

Predreirak esan bezala “Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Iraurgi Berritzen eskualde-agentziarekin sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmen horren helburua Gipuzkoako eskualde guztiek tokiko ekintza-planak gauzatzea Lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko da, GK 2050 Klima Aldaketaren Gipuzkoako Estrategian ezarritako helburuen ildotik.”

Sailak 50.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin zion Urola Erdiko eskualdeari. Mónica Pedreira Ingurumen Zuzendari Nagusiak nabarmendu duenez, “hitzarmen horien helburua jasangarritasun energetikoko estrategia komun bat sustatzea da, Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murriztea eta prebenitzea, mendekotasun energetiko txikiagoa eta CO2 emisioen maila gero eta baxuagoak erraztuko dituena.”

Sailak sei urte baino gehiago daramatza “Gipuzkoan energetikoki eraginkorrak” diren programak bultzatzen, eskualdeko garapen ekonomikorako agentziekin egindako lankidetza- hitzarmenen bidez, eskualdeko energia-planak, eskualdeko energia-mahaiak eta energiaren arloko tokiko eta eskualdeko ekintzak bultzatzeko, zerikusia duten eragile guztien eta herritarren bitartez.

Ingurumen zuzendariak tokiko eta eskualdeko ekintza plan batean lan egitearen balioa gogorarazi du, energia eraginkortasuna, energia garbiak eta Kilometro 0 energia azpimarratuz guztion artean, energia-sistema eraldatzen laguntzea, energia-kontsumitzaileak energia-erabakien erdigunean koka daitezen.

Jarraian, Nagore Alkorta, Azpeitiko Alkatearen txanda izan da. Berak aipatu duenez, “herritar norbanakoek, familiak, hezkuntza zein bestelako eragileek eta tokiko, eskualdeko zein goragoko instituziook, guztiok jarri behar dugu geuretik energiaren kontsumoa gutxitu eta trantsizio energetikorako bidea egiteko.”

Hainbat datu ere azaldu ditu “Azpeitiko Udalean, azken urteotan garrantzia berezia ematen diogu gai honi, eta horrelako proiektuak bultzatzeaz gain, efizientzia eta trantsizio energetikorako pauso garrantzitsuak ematen ari gara. Datu bat emango dizuet: azken 3-4 urtean Azpeitiko udal eraikinetako eta argiteria publikoaren energia kontsumoa %7 jaistea lortu dugu.”

Ondoren, Jabier Zubizarreta, Azkoitiko Alkateak hitz egin du, “2020an sinatu genuen lehendabiziko aldiz Euronet 50/50 proiektura atxikitzeko hitzarmena eta seinale ona da jarraipena emateko gai garela ikustea. Euronet 50/50 proiektuak aurrezte ekonomikoa eta eraginkortasuna ekartzeaz gain, kontzientzia hartzeko ere lagungarria da.”

Besteak beste, eragile ezberdinek egindako lana eskertu du “eskertzekoa benetan egiten ari zareten ahalegina. Badakit pandemia dela-eta, ikastetxeetan ezin izan direla aurreikusitako hainbat neurri hartu, baina hasitakoa hasita egoten da eta ahalegin honek emango du emaitza.”

Azkenik, Jon Bereziartua, Ikasberri Ikastolako irakasleak ikasleekin burutu dituzten pausoen berri eman du. “Ikasturte hasieran, energia taldeak osatu ziren, ikastetxe bakoitzaren izaera edo funtzionamendua aintzat hartuz eta Eskola Agenda 2030arekiko koordinazioa bermatuz. Oro har, Energia Taldea ondoko eragileek osatzen dute: ikasleak, ikastetxeko Zuzendaria, irakasle bat, atezaina eta Udal Ingurumen edo Iraunkortasun teknikaria. Hauek dira, hain zuzen, ikasturte osoan zehar proiektua bultzatuko dutenak eta, are garrantzitsuagoa dena, proiektua eskola-komunitate osoari helarazteko arduradunak.”

Ikastetxe bakoitzaren Energia Taldeak euren eraikinaren energia diagnostikoa egingo du. Ondoren, iaz burutu ziren ekintzak aztertuz, eta diagnostikoko informazioa baliatuz, energia kontsumo arduratsuagoa egiteko bideratutako ikasturteko Plan berri bat egingo dute, eta, ikasle, irakasle eta gainontzeko eragileen azalduko diete. Azkenik, honen guztiaren emaitzak kalkulatuko dira, hau da, argindarra eta erregai edo gas kontsumoa murriztu ote den aztertu.

{myFlickr}photoset_id=72177720296554962{/myFlickr}

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia