Tapia sailburuak Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa zirkularra aurkeztu du. Programa hori Eusko Jaurlaritzaren —Ihobe eta Spri erakunde publikoen bidez— eta enpresa eragileen arteko lankidetza-itun handia da, eta itun horri esker, 500 enpresa txiki eta ertain mobilizatu nahi dira, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia ezartzen aurrera egin dezaten. Horretarako, hainbat zerbitzu eta laguntza-lerro ekonomiko bat zehazten ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txiki eta ertainen enpresa-lehiakortasuna hobe dadin eta ekonomia zirkularrerako trantsizioan lagun dakien.
Helburu hori lortze aldera, bitarteko eragileen eginkizuna funtsezkoa da, eta, lehen fase honetan, jada lehen 22 bitarteko eragile batu dira programa honi. Bitarteko eragiletzat joko da bere eragin-eremuko enpresen lehiakortasuna sustatu eta hobetzeko zerbitzuak egiten dituen irabazi asmorik gabeko edozein enpresa-erakunde edo -elkarte, hala nola klusterrak, enpresa- eta sektore-elkarteak, merkataritza-ganberak eta tokiko eta eskualdeko garapen-agentziak. Eragile horien artean izango da Iraurgi Berritzen, Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia, Urola Erdiko enpresa txiki eta ertainetan Ekonomia Zirkularra bultzatzeko helburuarekin.
Diruz lagundutako lehen proiektuak
2021.urtearen amaieran, Eusko Jaurlaritzak, Ihobe sozietate publikoaren bidez, abian jarri zuen programa hau finantzatzeko lehenengo jarduera: enpresa txiki eta ertainetan ekonomia zirkularreko metodoak eta jarduerak aplika daitezen bultzatzeko berariazko laguntza-lerroa, ikuspegiak eta ikaskuntzak partekatuko diren talde-proiektuak susta daitezen. Laguntza ildo horri esker, dagoeneko 12 proiektu esleitu zaizkie tarteko 9 eragileri, 1.052.000 euroko balioarekin. 9 eragile hauen artean aurkitzen da Iraurgi Berritzen, Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia, eta Garapen Agentzien artean azpimarratzekoa da bera izan dela onuradun bakarra.
Iraurgi Berritzenek landuko duen proiektuari, datorren martxoaren 23an emango zaio hasera, Azpeitiko Basazabal Jauregian ospatuko den saioaren bitartez. Proiektu hau Urola Erdiko makineria eta ekipoen sektoreko Enpresa Txiki eta Ertainei zuzenduta dago, eta Eraldaketa Ekologikoan edota Ekonomia Zirkularraren baitan pauso berriak emateko asmoz jarriko du martxan Agentziak. Helburu nagusia honakoa da: Ekonomia Zirkularrari lotutako aukera eta merkatu-nitxo berriak identifikatu, baloratu eta lehenestea, eta aukera horiek bultzatzeko enpresako ekintza-plan indibidualak sortzea.
Saio honetan Ekonomia Zirkularraren testuingurua, ingurumenari lotutako erronka eta aukerak landuko dira, eta baita programa honen helburuak, metodologia, egutegia… Honetaz gain, parte hartzaileek Domusa eta Erlo Group eskualdeko enpresek Ekonomia Zirkularrean duten esperientzia eta praktika onak ezagutzeko aukera izango dute.