“Covid-19” pandemiak eragindako osasun krisiak, azken hilabeteetan Urola Erdiko lan merkatuaren bilakaera positiboa eten eta langabeziaren igoera ekarri du. Martxoa erdian osasun larrialdi egoera deitu zenetik, eskualdeko lan merkatuaren adierazle gehienek joera negatiboa erregistratu dute.
Besteak beste, “Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua”-k kaleratutako datuen arabera, Urola Erdian zenbatutako langabetu kopuruak nabarmen egin du gora azken asteetan. Izan ere, Ekaina amaieran eskualdean 1.582 langabetu zenbatu ziren, Otsaila amaieran baino 315 langabetu gehiago hain zuzen ere. Langabezia indizeari dagokionean, Iraurgi Berritzenek eskualderako estimatutako langabezia indizea %10,1 da, %8,2 gizonezkoetan eta %12,3 emakumezkoetan. Hilabete berean, Gipuzkoak %11,2 (%9,7 gizonezkoetan eta %12,8 emakumezkoetan) eta EAE-k %13,5-eko (%11,8 gizonezkoetan eta %15,3 emakumezkoetan) langabezia indizeak erregistratu dituzte.
Azken hiruhilekoan erregistratutako kontratu kopurua nabarmen murriztu da azken hilabeteotako salbuespen egoera tarteko. Ekainean, eskualdean zenbatutako kontratazio kopuruak goranzko joera hartu arren, iazko erregistratutako kopuruak urrun gelditu dira. Iaz, urteko bigarren hiruhilekoan, guztira 2.266 kontratu zenbatu ziren eta aurten aldiz, soilik 971, iaz zenbatutakoen %42,3.
Amaitzeko, gizarte segurantzako afiliazioei erreparatuz gero, jaitsiera nabarmenena industria eta zerbitzuen sektorean eman da. Ekaina amaieran, otsailarekin alderatuta, industria eta zerbitzuen sektorean, 104 eta 46 afiliatu gutxiago zenbatu dira hurrenez hurren.
Iraurgi Berritzen, Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentziak, eskualdeko hainbat eragileekin elkarlanean, datozen hilabeteetan eskualdeko lan merkatuaren jarraipena egin eta enplegu sustapenera bideratutako lan lerro ezberdinak indartuko ditu. Besteak beste:
- Herritarrentzat orientazio eta enplegu zentruen banakako zerbitzuak hiru udalerrietan.
- Perfil desberdinei egokitutako orientazio programak eta laneratzeko ikastaro berrien eskaintza enpresa, eragile eta Izarraitz Lanbide Heziketarekin elkarlanean.
- Zaurgarritasun egoeran edo arrisku egoeran dauden pertsonentzat laneratzeko prestakuntza ibilbide integralak (konpetentzia oinarrizkoak eta teknikoak).
- Enpresei zuzenduriko lan eskaintza eta gradu amaierako proiektuen bitartekaritza zerbitzua.
- Eskualdeko enplegua eta prestakuntza eskaintza eguneratuaren difusioa ( Urolanprest web orria, buletinak, sare sozialak…)