Ikasleen orientazio akademikoa indartzen, eskualdeko 5 ikastetxeetako orientatzaileen lan taldearekin elkarlanean

2024-02-09
Gerolan Hezkuntza

Datozen bi hilabeetetan gauzatuko diren ekintzen plangintza adostu du orientatzaileen lan taldeak.

Gerolan proiektuak aurrera dihardu, eta datozen hilabeteetako ekintzak zehaztu eta antolatzeko bilera egin dute Intsausti Jauregian 5 ikastetxeetako orientatzaileek.

Proiektu honek Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko 5 ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da. Ekimenaren helburu nagusia ikastetxeetako orientazio plana indartzea da eta horretarako lankidetzan hainbat ekintza lantzen dira. Besteak beste, ikastetxeetan ospatzen diren sentsibilizazio saioak edo ikasleek dituzten interesen arabera eragile desberdinetara antolatzen diren bisitak azpimarratu daitezke.

Proiektua, DBH4 eta Batxiler 2 mailako ikasleetara bideratzen da eta prozesuan eskualdeko 300 ikasle eta 35 eragile inguruk parte hartzea aurreikusten da.

DBH4ko ikasleen kasuan, orientazio saioak jasotzen ari dira egun eta datozen hiru asteetan amaitzea aurreikusten da. Hausnarketa saio hauen bidez ikasleak heuren etorkizun akademiko eta profesionalaren inguruan pentsatzen jarri nahi dira eta behin hauek amaitzean, lankidetzan bi ekintza burutzea aurreikusten da.

Alde batetik, Zarautzen ospatuko den Erdi mailako eta Goi mailako zikloen azokara egingo dute bisita martxoaren 6ean, Urola Erdia eta Urola Kostako hainbat ikastetxek Lanbide Heziketan duten eskaintza ezagutzera. Bestetik, berriz, Izarraitz Lanbide Heziketako erdi mailako zikloak ezagutzera joango dira martxoaren 14an. Ikastetxean, zikloetako irakasle zein ikasleekin beraien zalantzak argitzeko aukera izango dute, eta behin ikastetxeko ekintza egin ostean, interesa duten zikloen arabera eragile ezberdinetara bisitak egingo dituzte.

Batxiler 2 mailako ikasleen kasuan, hausnarketa saioak udazkenean egin ondoren, otsaila eta martxoa bitartean, eskualdeko eragile ezberdinetara bisitak egin ahalko dituzte. Bisitetan, eragileen egunerokotasuna gertutik ezagutu eta profesional ezberdinekin zalantzak argitzeko aukera izango dute. Bisitak anitzak izango dira eta ikasleek besteak beste, industria enpresak, gizarte zerbitzuak, osasun zentroak, kirol zerbitzuak, komunikabideak nahiz kultur eragileak bisitatzeko aukera izango dute.

Bestalde, Lanbide heziketan interesa duten ikasleek, Zarauzko Lanbide Heziketaren Azokan parte hartu nahiz Izarraitz Lanbide Heziketak Goi Mailan duen heziketa zikloen eskaintza ezagutu ahalko dute.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia