Eskualdeko 5 ikastetxeek elkarrekin “ZIMAT Urola Erdian 2025/26” proiektuaren baitan landuko dituzten ekintza nagusiak adostu dituzte Urriak 17 ostiralean.
Lan taldeak, besteak beste, ikastetxeen arteko esperientzien elkartrukea nabarmendu du aurtengo ikasturteko ardatz nagusitzat, eta hiru lan-saio tematiko egitea erabaki du:
- Teknologia mintegien arteko topaketa: “Teknologia” irakasgaia ematen duten irakasleei bideratua.
- Ikastetxeetako laborategien kudeaketari buruzko lan saioa: “Natur zientziak”, “Fisika”, “Kimika”, “Biologia” eta antzeko irakasgaiak ematen dituzten irakasleei bideratua.
- Ikastetxeetako IKT mintegien arteko elkartrukea: “IKT” edo “Digitalizazioa” moduko irakasgaiak eskaintzen dituzten irakaslei zuzendua.
Bestalde, ikasturtean zehar lantzen diren zientzia eta teknologia proiektu ezberdinen topagunea den azokaren lekua eta data ere zehaztu ditu lan taldeak. 2025/26 ikasturteko azoka Azpeitian ospatuko da 2026ko ekainaren 11-n.
Proiektua, 2017/2018 ikasturteaz geroztik dago abian eta eskualdeko DBH eta Batxiler mailako ikasleengana bideratzen da. Proiektu ezberdinen garapenaren bidez, ikasleak Zientzia eta Teknologia gaitasunetan trebatzea nahiz bizipenak sustatzea du xede. Proiektu hauen garapenean erabiltzen den ikasketa metodologia, metodo zientifikoa edo arazoetan oinarritutako metodoa izan ohi da.
