Iraurgi Berritzenek 4.0 industriaren teknologiak Urola Erdiko enpresetara hurbildu ditu

2016-04-28

4.0 industria hitzak erreferentzia egiten dio produkzio prozesuetan elektronikaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak txertatzeari (EIKT); hauek automatizazio-mailak hobetzen dituzte eta horrela, industria adimentsuagoa bihurtzen da.

Era honetan, Iraurgi Berritzenek Urola Erdian 4.0 industria ekimenarekin egindako apustua 2016an sustatzen ari diren hainbat lan ildoren bidez sendotzen ari da.

Nahiz eta orain dela hilabete eskas monografiko berezi bat egin zen fabrikazio aditiboak, eta zehatzago esanda, 3D inprimaketak, enpresei lehiakortasun hobekuntzan eta merkatuaren dibertsifikazioan aukera berriak eman ahal izango zizkien aztertzeko, dagokigun honetan, barnetegi teknologikoa egin da 4.0 industriari buruzkoa, eta hogei enpresa baino gehiagok parte hartu dute eta gertutik ezagutu ahal izan dute hitz berri honen baitan sartzen diren teknologiak zeintzuk diren.

Jardunaldiak apirilaren 25ean eta 26an egin dira Azpeitiko Loiola Hotelean. “Learn by doing” (eginez ikasi) eredua eta metodologia jarraituz, etorritakoei aukeratutako gaiari buruzko formazioa ematen zaie eta jarraian, taldean lantzen da gai horretan adituak diren irakasleen aholkuekin. Kasu honetan, 4.0 industria barnean txertatuta dauden honako teknologiak landu dira: errealitate areagotua, bisio artifiziala, zibersegurtasuna, fabrikazio aditiboa, datu handiak, elkarlaneko robotika, eta hodei-konputazioa. Egindako lana abiapuntua izan behar da parte hartu duten enpresek aipatutako teknologia horiek beraien erakundeetan susta ditzaten eta horretarako, Iraurgi Berritzenen laguntza daukate.

Barnetegi teknologiko hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila, SPRI eta Iraurgi Berrritzenen arteko lankidetzari esker ospatu da. Azkenik, barnetegi teknologiko hauetatik haratago, Iraurgi Berritzenek 4.0 industriari buruzko laguntzak txertatzea eta inplementazioa ahalbidetzen dituzten SPRIren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza programei buruzko aholkularitza eskaintzen du.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia