Martxan da Hazilan Proiektua

2016-05-23

Iraurgi Berritzenek Hazilan proiektua martxan jarri du. Egitasmo hau 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendua dago. Adin tarte horretako langabetuek har dezakete parte, baina profil kualifikatua eskatzen denez, ezinbetekoa da, Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak, diplomatura edo lizentziatura izatea.

Gaur aurkeztu dute proiektua Iraurgi Berritzeneko teknikari Sandra Fernandezek, erakundearen zuzendari Jesus Aguirrek eta Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko Lehendakariak. Azaldu dutenez, aipatu kolektiboak “prestakuntza maila altua duen arren, zailtasun handiak ditu lan merkatuan sartzeko, bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako, bestetik”.

Hazilan programak enpresek eskatzen dituzten gaitasunak garatzen laguntzen die gazteei, hala nola, ekintzailetasuna, lan taldean aritzeko ahalmena, komunikatzen jakitea edota iniziatiba izatea.

Javier Zubizarreta Lehendakariaren hitzetan, langabetuen sentipenak dira atsekabea eta ilusiorik eza. “Horrela dauden gazteei Iraurgi Berritzenera jotzeko eskatuko nieke, badaudelako lagundu diezaieketen baliabideak”.
Enpresek aukera dute, inolako lan kontraturik gabe, hitzarmen bidez, bailarako gazte kualifikatuak ezagutzeko eta proiektuetara lotzeko hala nahi izanez gero.

Parte hartu nahi duten gazteek maiatzaren 24ra arte dute epea. Izena emateko: http://www.hazilan.eus/inscriptions/inscription-inscripcionPersonas

Hazilan Programatik haratago, informazio nahiz orientazioa nahi izanez gero, Sandra Fernandez enplegu teknikariarekin jar zaitezke harremantean; sfernandez@iraurgiberritzen.eus

Programa bost urtetan gauzatuko da, urtero partaide berriak gehituz. Eskualde osorako duen aurrekontua 200.000 eurokoa da. Garapen (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) proiektuko kide diren hogei agentziekin batera, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean jarri da martxan.

Proiektua gure bailaran sei herritara zabaltzen da: Beizama, Errezil, Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal eta Azkoitia.

Iraurgi Berritzenen azken datuen arabera, eskualdean 2017 langabetu daude, %11,7 alegia, eta horietatik 196 dira Lanbide Heziketako goi mailako ikasketak dituztenak eta beste 215 unibertsitateko ikasketak dituztenak.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia