Trantsizio ekologikoaren aldeko urratsak eman dituzte Urola Erdiko enpresek

2025-11-12
Enpresa

Iraurgi Berritzenek antolatutako hiru saio praktikoen bidez, itxiera eman zaie Trantsizio ekologikoaren erronkari aurre egiteko aurrera eraman diren saioei.  

Irailaren 24an, urriaren 15ean eta azaroaren 5ean egin dira hiru saio hauek energia trantsizioaren eta klima-aldaketaren arloko araudiak ezagutzeko, egokitzapen-ekintzak lantzeko eta jasangarritasuna hobetzeko tresna praktikoen berri izateko aukera eskaini diete bertan parte hartu duten eskualdeko industria sektoreko enpresei. 

Lehenengo saioan, “Prestatu klima-aldaketari aurre egiteko: lege gakoak eta estrategikoak”, energia trantsizioaren eta klima-aldaketaren inguruko legeen oinarriak eta enpresentzat dakartzaten betebehar nagusiak landu ziren. Besteak beste, 4/2019 Legea, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzkoa. 

Bigarrenean, “Bete klima-aldaketari buruzko araudia: planifikatu ekintza jasangarriak zure enpresan”, legedi aplikagarriaren ikuspegi praktikoa eman zen, eta adibide errealen bidez erakutsi zen nola integratu konpromiso klimatikoak kudeaketan. 1/2024 Legea, otsailaren 8koa, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketarena., izan zen hizpide saioan; baita gaiari lotutako industria enpresei zuzendutako laguntzak ere. 

Azken saioan,“Ezagutu jasangarritasuna hobetzeko tresnak, enpresa lehiakorragoa izateko”, ingurumen-betebeharrak betetzeko nahiz jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzeko funtsezko tresnak eta baliabideak ezagutzeko aukera izan zuten partehartzaileek. Hala nola, gidak, kalkulagailuak, (Ihobe, Ekoberrikuntza Zirkularra Euskadi), Gipuzkoako Borondatezko Karbono-Funtsa, ingurumen fiskalitatea eta teknologia garbiak. 

Parte-hartzaileek eskualdeko enpresentzat halako formazio-ekintzek duten balio estrategikoa azpimarratu dute: lehiakortasuna indartu eta ingurumenarekiko konpromisoa sendotzen laguntzen dutelako. 

Saioak Izadi 21 enpresako Edurne Simónek gidatu ditu, parte-hartzaileen interes eta beharretara egokituta eta Gipuzkoako Foru aldundiaren babesarekin bideratu dira. 

Beste behin ere, Iraurgi Berritzenek berresten du bere konpromisoa Urola Erdiko enpresak trantsizio ekologikoan laguntzeko, tokiko industria jasangarriago eta lehiakorrago baten alde. 

Saioei eta Industria arloko jarduerei buruzko informazio gehiago: iraurgiberritzen.eus/industria 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia