Iraurgi Berritzenen gobernantza-ereduaren baitan, Otsailaren 23an Azpeitiko Basazabal Jauregian ospatu da Urola Erdiko Enpresa Gunearen urteko lehen lan bilera, gaur egun Gune hau osatzen duten eskualdeko 12 enpresetako ordezkarien parte hartzearekin.
Bileraren lehen zatian enpresa partehartzaile bakoitzeko ordezkariek beren aurkezpena egin ostean, 2022rako enpresen, sektorearen eta egoera ekonomikoaren inguruan dituzten aurreikuspenen inguruko elkartrukeari ekin diote.
Segidan, 2022an Iraurgi Berritzenen gidaritzapean eta enpresekin elkarlanean garatuko diren lan lerro, zein proiektuen berri eman da, bide batez hauen helburuak ere aurkeztuz eta aurten aurrera eraman diren ekintzen gain, urteko aurreikuspen bat eginez.
- Enpresa Gunearen kudeaketa eta dinamizazioarekin jarraituko da eta Gunea bera indartzeko plana garatzea aurreikusten da.
- Enpresen Lehiakortasuna sustatuko da kapazitazioaren bitartez, aurrez enpresek proposatutako gaiak landuz.
- Adituekin sentsibilizazio jardunaldiak Ikasiz Programaren baitan.
- Enpresen perfilen araberako lan taldeekin kapazitazio saio ezberdinak Ikasiz Lan Taldeak proiektuan.
- Formakuntza metodologia bitartez ekintzetara bideratutako proiektu pilotuen garapena enpresaren eremu ezberdinetan. 2022an IkasEkin proiektuaren baitan, enpresen eraldaketa digitala, talentuaren kudeaketarako prestakuntza proiektu pilotoen garapenarekin, eta Ekonomia zirkularraren aukerak sustatzea aurreikusten da.
- Diru laguntzen bitartekaritza zerbitzua eskainiko da enpresei hauen difusioa eginez eta kudeaketarako bitartekaritza eskainiz. Berrikuntza proiektu pilotoak sustatuko dira enpresa txikietan (Hazinnova programa).
Ondoren IB Sarearen baitan enpresek beste guneekin lankidetzan landuko dituzten proiektu esanguratsuenen berri eman da. Aipatzekoak dira besteak beste, gazteak enpresetara erakartzeko Lehen Aukera kontratazioak eta KAP proiektuak, langabetuentzako orientazio programak, ElkarEkin proiektuaren baitan (GFA) enpresekin enplegu inklusiboa sustatzeko antolatutako bisitak, turismo eragileekin egindako alojamendu eskaera eskaintza eta enpresekin kontrastea, Ikastetxeeekin elkarlanean landuko diren proiektuak: Elkarrekin Eraikitzen, IB Harremanak, Gerolan eta STEAM, eta bukatzeko Tokiko Garapen Gunearen baitan gaur ospatu den prentsaurrekoa IB Sarearen 2021eko memoria aurkezteko, zein gure eskualdea eskualde erakargarri bihurtzeko helburuz lantzen ari den UE Eskualdeko Hausnarketa Estrategikoa.
Bileraren azken zatian talde dinamika bat egin dute, hainbat gairen inguruan proposamen berriak eta erabakiak adostu dituztelarik.