Urola Erdiko sustapen ekonomikorako estrategia bat adostu dute udalek eta alderdi politikoek

2014-03-14

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek eta horietan ordezkatuta dauden zenbait alderdi politikok (Bildu, EAJ, Hamaikabat eta PSE-EE) Urola Erdiko sustapen ekonomikorako oinarriak bermatuko dituen estrategia bat adostu dute.

Akordio politikoaren berri ostiral arratsaldean, martxoaren 14an, egindako agerraldian eman zuten. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria (Bildu),  Azkoitiko alkate Pello Bastarrika (Bildu), Azpeitiko EAJko zinegotzi Aitor Gorrotxategi, Azpeitiko Hamaikabateko  zinegotzi Aitor Aranguren, Azkoitiko EAJko  zinegotzi Mikel Zubizarreta eta Iraurgi Beritzeneko (Garapen Gunea) koordinatzaile Itziar Abarisketa izan ziren agerraldian.

Maila politikoan kokatu dute sinatzaileek akordio hau. Izan ere, bi lorpen nagusiri erantzuten dio: “Batetik, eskualdeko garapen ekonomikorako arlo estrategiko nagusiak zehaztea lortu dugu eta, bestetik, prozesu horri aurrera begirako berme politiko bat ematea lortu dugu”, adierazi du Etxeberriak. Agintaldi eta agintari aldaketez haratago doa akordioaren bermea, akordioan jasota dagoen bezala, ordezkariak aldatuz gero transferitu egingo baitira jasotako konpromiso eta betebeharrak. Akordio hau erdiesteko egin duten lanagatik eskerrak eman dizkie Etxeberriak Iraurgi Berritzen-i eta Garapen Guneari.

Itziar Abrisketak  akordio hau Iraurgi Berritzen eta eragile desberdinen artean garatu den elkarlan sarean kokatu du. Hala, adierazi du sare honen helburua “eskualdearen garapenerako prozesu estrategikoak eta berritzaileak sustatzea” dela, beti ere oinarritzat hartuta eragileen beraien egitasmoak eta elkarlana. Ildo honetatik, enpresak ikastetxeekin eta beste eragileekin garatzen ari diren beste proiektuak bezala, hainbat arlotan lurraldeen garapenean pausoak emateko “erakunde eta politikoen arteko elkarlana eta adostasunak sustatzea estrategikoa” dela uste du Abarisketak. Abiapuntutzat hartu dute akordio hau, “jarraipena emango zaion prozesu moduan, bai maila politikoan, bai teknikoan”. Horregatik, hartutako bidean konfiantza osoa agertu du,  ”horrek egingo duelako posible, epe luzera begira, gure inguruko beharrei erantzuteko proiektuak garatzea modu iraunkor batean”.

Eskualdeko egoera ekonomikoaren errepasoa egin du Aitor Gorrotxategik, eta hitzarmenaren beharra nabarmendu du, “bailara gogor jo duen krisiari erantzun bateratua emateko”. Gogorarazi du eskualdeko egitura ekonomikoa sektore industrial helduetan (altzarigintza, eraikuntza, altzairugintza) oinarritu dela gehienbat orain arte, baina, krisiak egoera aldatu duela: “Enpresa handi eta traktoreak itxi dira, hauen hornitzaile ziren enpresa txikiak ixten ari dira eta, ondorioz, langabezia tasa igotzen ari da. Urola Erdiaren urriko datua (%16,23) EAEko mailara iritsi da (%16,9), Gipuzkoakoa gaindituz (%14,7)”, ohartarazi du Gorrotxategik.

Neurri estrategikoak

Helburuak argi izanik eta bailarako bizilagun eta enpresei egoera ekonomiko latzetik ateratzeko laguntza izan nahian, eskualdeko egungo eta etorkizuneko aktibitate ekonomikoa sustatu eta babesteko neurri batzuk adostu dituzte, dibertsifikazio estrategiaren lan lerro nagusiak, alegia. Iraurgi Berritzen-en laguntzarekin zehaztu dira lan lerro hauek:

  • Bailarako enpresei, sektore eta joera berrietara egokitzeko prozesuetan, Urola Erdiko ehun ekonomikoaren dibertsifikazioa sustatzen laguntzea. Bailarako enpresetan berrikuntza sustatzea da helburua, dagoen ezagueratik abiatuta, zerbitzu eta produktu berriak eskaintzeko. Horretarako enpresei banakako zerbitzua eskainiko zaie.
  • Bailarako enpresen arteko elkarlanaren apustua, enpresek elkarrengandik ikasteko helburuz.
  • Enpresen internazionalizazio prozesuak sustatzen laguntzea, informazio, adituen aholku eta formazioarekin.
  • Formakuntza: bailarako pertsonen gaitasunen garapena eta egokitzapenerako konpromisoa, enpresen dibertsifikazio prozesuak sustatzeko ezinbestekoa baita pertsonen kapazitazioa.
  • Eragileen parte hartzea eta elkarlana indartzea proiektu estrategiko kolektiboak sustatzeko.
  • Zailtasun juridiko-ekonomikoak dituzten enpresentzako aholkularitza zerbitzua indartuko da.
  • Ekintzailetasuna sustatzea: ekintzailetasun aktiboa bilatuko da, kolektibo eta egoera desberdinei egokitutako ekintza plan baten bitartez.
  • Dibertsifikazio Estrategikorako aliantzak garatzea, bai eskualde mailan, bai eskualdez kanpo.
  • Estrategia ahalbidetzeko beharrezko baliabideak egokitzea, talde teknikoa nahiz baliabide teknologikoak.

Konpromiso zehatzak

Pello Bastarrikak azaldu duenez, aipatutako neurri horiek guztiak garatzeko, prozesua lehenetsi eta babesteko konpromisoa hartu dute Azpeitiko eta Azkoitiko udal ordezkariek eta alderdi politikoek:

  1. Legealdiak dirauen bitartean, bai alkatetzatik, bai oposizioko talde moduan, prozesuaren jarraipena egitea. Honetarako Garapen Guneko bileretan parte hartzera deituko dira.
  2. Dibertsifikazio estrategiaren berri udal bakoitzeko alderdietara eramatea.
  3. Hurrengo hauteskundeetarako alkategaiak izendatzen direnean, hauek Garapen Guneko bileretan parte hartu eta legealdia amaitu aurretik prozesuaren berri izatea eskatuko da.
  4. Hauteskundeetako emaitzak edozein izanik ere, prozesu honen inguruko trasferentzia egiteko denbora eta borondatea jartzea, prozesua legealdi aldaketagatik moteldu ez dadin.
  5. Eskualdeko alderdi politikoen artean (ordezkari aktibo eta ordezkari ohiekin) talde berri iraunkor bat osatzea legealdiez harago, eskualdearen garapenerako elkarlana helburu izanik, Think Tank ereduan lan egingo duena.  

Urola Erdiko Sustapen Ekonomikorako Estrategia Dibertsifikazio Estrategiaren prozesuan parte hartu duten alderdi politikoen artean adostu bada ere, akordioa zabalik dago bat egin nahi duten ordezkaritza politiko guztientzat.

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia