ZIUR – Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa– rekin lankidetzan zibersegurtasun industrialaren inguruan adostutako lan saioen plangintzarekin jarraituz, aurtengo bigarren jardunaldia ospatu da Otsailak 24 ostegunean, Azpeitiko Basazabal jauregian. Bertan bildu dira, eskualdeko hainbat industria enpresako Informazio eta Komunikazio teknologien (IKT) arduradunak.
Lan saioan, “erabiltzaileen kontzientziazioa zibersegurtasunaren eremuan” izan dute hizpide, “Phishing” -aren aurrean erabiltzaileen kontzientziaziorako estrategiak eta gomendioak ezagutaraziz. Era berean, eskualdeko enpresa ezberdinek eremu honetan duten esperientzia eta arazoak partekatu dituzte. Besteak beste, arlo honetan izan dituzten intzidentziak, aplikatzen diren neurriak edo erabiltzaileen kontzientziazioa lantzeko egiten diren ekintzak. Amaitzeko, ZIUR-ek enpresetako erabiltzaileak “Phishing” erasoen aurrean kontzientziatzeko abian jarri duen “Spear Phishing” proiektuaren nondik norakoak aurkeztu dira. Gaur egun, eskualdeko 4 eragile ari dira bertan parte hartzen eta hauen esperientzia ezagutu ahal izan da lan saioan.
Iraurgi Berritzenek, ZIUR-ekin lankidetzan, Maiatza bitartean beste 2 lan saio garatzea du aurreikusita.
- 2022ko Apirila: “Zibersegurtasun erasoei erantzun efektiboa emateko gakoak”.
- 2022ko Maiatza: “Enpresetan zibersegurtasuna bermatzeko prozesu eta politikak”.
Lan saio hauek bi helburu nagusi dituzte. Batetik, zibersegurtasun arloan dauden azken joera teknologikoen berri eman nahi da, eta bestetik, berriz, eskualdeko industria enpresak arlo honetan garatzen ari diren ezagutza, proiektu nahiz praktika onak partekatu nahi dira.
Lan saioetan parte hartzeko interesa izanez gero jvalverde@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatziz egin daiteke eskaera.