AZKOITIA: Intsausti Jauregia, Julio Urkijo etorbidea 25 (20720) tel. 943 85 11 00 | AZPEITIA: Sindikatu Zaharra, Enparan kalea 1 - 3 (20730) Tel. 943 02 60 69  | info@iraurgiberritzen.eus

Elkarrekin Eraikitzen 2016/17 proiektuaren amaiera ekitaldia egin dute gaur, Azpeitiko udaletxean

Elkarrekin Eraikitzen 2016-17 proiektuaren amaierako ekitaldia ospatu da gaur, osteguna, Azpeitiko udaletxean. Ekitaldia 10:00etatik 12.00etara izan da, eta eskualdeko ikastetxe, udal nahiz eragileen ordezkariak izan dira bertan.

Aurtengo ekitaldian eskualdeko lau ikastetxek (Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Xabier Munibe Azkoitiko Ikastolak) hartu dute parte. Proiektuaren koordinatzaile lanetan, berriz, Iraurgi Berritzen -Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia- aritu da. Proiektu honen garapenarekin, garapen eta berrikuntza agentziak eskualdeko hezkuntza eragileekin lan egiteko duen konpromisoa berretsi du.

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikaslea proiektuan nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi bete ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu; besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren 3. eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten. Prozesuan zehar DBH 3 edo 4 mailako ikasleek hartu dute parte.

Jardunaldiari eskualdeko udal ordezkarien agurrarekin ekin zaio. Agurra egiteaz, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea arduratu dira. Azaldu dutenez, "gazteek errealitatea ezagutzeko modu bat da" Elkarrekin Eraikitzen proiektua. Jarraian aurtengo edizioaren ebaluazio eta parte-hartze datuekin ekin zaio. Aurtengo edizioan, 10 erronka ezarri dira, eta 12 irakaslek, 150 baino ikasle gehiago eta 40 eragilek hartu dute parte. Ondoren, ikastetxe parte-hartzaileetako ikasleek, proiektuan zehar bizitako esperientziak nahiz egindako hausnarketak aurkeztu dituzte jendartean. Ekitaldia mahainguru labur batekin amaitu da. Bertan, "Hezkuntza eta eskualdeko eragileen arteko lankidetza" izan dira hizpide, hauek mahaikide izango direlarik:

  • Mari Jose Arregi, Azpeitiko Udala
  • Estitxu Elduaien, Azpeitiko Udala
  • Leire Aranburu, Iraurgi Ikastetxea eta Ib sareko kontseilukidea
  • Itziar Abarisketa, IB Sareko koordinatzailea

Mahai-inguruan, besteak beste, azaldu dute ikasleek ikastetxeetatik irtetea asko eskertu dutela. Horrez gain, Elkarrekin Eraikitzen proiektuarekin enpresetako arduradunekin harremanetan jarrita, enpresetara zein ospitaleetara joanda eta jende ezberdina elkarrizketatuta, errealitatako gauza ugari ikasi dituztela azpimarratu dute mahaikideek. Bestalde, balorean jarri dute eskualdean elkarrekin lanean jardutearen garrantzia, eta etorkizunean behar-beharrezkoa izango dela azpimarratu dute.

PROIEKTUAREN DATU ETA FASEAK

Aurten ere proiektua bi fase nagusitan egituratu da. Lehenik eta behin, eskualdeko ikastetxeetako irakasleek elkarlanean ikasketa kooperatiboaren inguruko prestakuntza saio bat jasotzeaz gain, ikasleek aplikatu duten proiektua birdiseinatu dute aurreko urtean identifikatu ziren hainbat hobekuntza lerro txertatuz. Bigarren fasean, aldiz, ikasleak talde txikitan bilduta, irakasleek planifikatutako prozesuaren bitartez, Iraurgi Berritzenek proposatutako 10 kasu erreal hausnartu eta lanketa bat aurkeztu dute.

Parte-hartzaileek, bereziki ikasle nahiz irakasleek, laugarren edizio hau ere positiboki ebaluatu dute eta izan dituen parte-hartze datuengatik ere arrakastatsutzat jo daiteke. Proiektuan zehar, 12 irakaslek eta 150 ikaslek baino gehiagok parte hartzeaz gain, prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan borondate osoz 30etik gora eragilek hartu dute parte. Besteak beste, hainbat enpresa ordezkarirekin, Azkoiti nahiz Azpeitiko udal ordezkariekin, Urkomeko ordezkariekin, Merkatari elkarteetako ordezkariekin, Iraurgi Berritzeneko ordezkariekin, Osasun Zentroetako ordezkariekin nahiz lehen sektoreko hainbat ustiategitako arduradunekin egoteko aukera izan dute ikasleek.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onartzen dut