Eskualdeko 5 ikastetxeetako orientatzaileek ikasturtean elkarrekin landutako orientazio ekintzak partekatu eta ebaluatu dituzte 

2024-05-02
Gerolan Hezkuntza

Apirilak 30, asteartean, eskualdeko orientatzaileen lan taldea bildu da ikasturteari itxiera emateko. Lan bileran, ”Gerolan” proiektuaren baitan landu diren ekintzak partekatu eta datorren ikasturtera begirako hobekuntzak identifikatu dira.

2023/24 ikasturtean zehar garatu diren ekintzei erreparatuz, hasteko, 5 ikastetxeetan, DBH4 eta Batxiler2 mailan orientazio-hausnarketa saioak egin dira, guztira 18. Ondoren, ikasle hauen ikasketa interesak identifikatu dira, eta azkenik, interesei erantzuna emateko, eskualdeko 27 enpresatara bisitak egin dira, non bertako profesionalen esperientzia, lan mundua eta bizipenak ezagutu dituzten, hauekin hartu-emana eginez. Lanbide Heziketako zikloetan interesa zutenak, tartean Izarraitz Lanbide Heziketa ezagutzeko aukera ere izan dute.

Bisitak oso balorazio positiboa jaso dute ikasle zein enpresen aldetik, eta aurrera begira, elkarlanean jarraitzeko interesa adierazi dute askok. Denera beraz, 2023-2024 ikasturteko datuei dagokionez, 400 ikaslek, 27 eragilek eta 70 profesionalek hartu dute parte ekintza ezberdinetan.

“Gerolan” proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko 5 ikastetxeetako orientatzaile ezberdinekin elkarlanean garatzen da. Ekimenaren helburua, ikastetxeen orientazio planak lankidetzan aberastea da. Prozesuan zehar ikasleengan orientazio akademiko nahiz profesionalari dagokion hausnarketa aktibatu eta interesen arabera eskualdeko eragile sozioekonomikoekin harremanak erraztu dira.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia