Talentu eskasiak eta prestakuntza eta enpleguaren arteko deskonexioak lurraldeak eta enpresak berdin kezkatzen dituen testuinguru global batean, Urola Erdia eskualdeak erakutsi du beste bide bat posible dela. Atzo, ekainak 19, Hezkuntza Gunean inplikatutako eragile guztiak aitortzeko ekitaldia egin zen, eskualdeko sektore ezberdinetako 68 profesionalen partehartzearekin. Horien artean zeuden eskualdeko enpresa, ikastetxe eta udaletako ordezkariak. Proiektu estrategiko horrek 15 urte bete ditu, eta tokiko garapen sozioekonomikorako erantzun kolaboratibo eta berritzailea artikulatuko du.
Iraurgi Berritzenek bultzatutako Hezkuntza Guneak lankidetza publiko-pribatuko eredu bat irudikatzen du, enpresak, ikastetxeak, profesionalak, instituzioak eta ikasleak helburu aman-komun baten inguruan lotzen dituena: talentua eskualdean prestatu eta atxikitzea,hezkuntza eskaintza ingurune produktiboaren benetako beharretara egokituz.
2024/2025 ikasturtean, partehartzea nabarmena izan da: ia 1.000 ikaslek, 100 profesionalek baino gehiagok, 70 irakaslek eta hainbat sektoretako 60 eragilek hartu dute parte Hezkuntza Gunea ekosistemako lau programa handietan:
- Gerolan: orientazio akademikoa eta profesionala, lurraldeko enpresa eta sektore estrategikoekin harreman zuzenean.
- Elkarrekin Eraikitzen: DBHko ikasleentzako konpetentzia-lana eta ingurunearen ezagutza, metodologia aktiboen eta tokiko eragileekiko elkarreraginaren bidez.
- ZIMAT: bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzea STEAM ikuspegiarekin.
- Izan Ekintzaile: sentsibilizazio ekintzailea, tokiko ekintzaileen parte-hartzearekin.
Ekosistema horrek balioa ematen die gazteei, eta, horrez gain, funtsezko tresna bihurtu da belaunaldien arteko erreleboa ziurtatu, profil profesional berrietara egokitu eta talentuaren errotzea sustatu nahi duten Urola Erdiko enpresentzat.
Garapen ekonomikoa ikasgeletatik ere pasatzen dela erakusten du Hezkuntza Guneak, eta lurraldea lerrokatzen denean, emaitzak iristen direla: Hobe prestatutako gazteak, hezkuntzarekin lotura handiagoa duten enpresak, eta eskualde kohesiona-tuagoa eta erresilienteagoa.
Jon Zubizarretak, Iraurgi Berritzeneko hezkuntza arloko koordinatzailearen hitzetan: “15 urte hauen ostean, pozik esan dezakegu Hezkuntza Gunea tresna eraginkorra bihurtu dela gazte talentua gure eskualdeko errealitate ekonomikoetara erakartzeko, orientatzeko eta laguntzeko. Proiektu partekatua da, eta erakusten du hezkuntza-zentroek eta enpresek norabide berean arraunean egiten dutenean, emaitzak iristen direla. Gaur egun, ia 1.000 ikasle urtean konektatzen dira zuzenean beren inguruko errealitate profesionalekin. Gure lurraldearen etorkizunerako egin dezakegun inbertsiorik onena da hori.”
Urteurren hau inflexio puntu bat da lankidetza publiko-pribatuan sakontzen jarraitzeko eta eskualdearen etorkizunarekin konpromiso kolektiboa indartzeko.
Iraurgi Berritzenetik eskerrak eman nahi dizkiegu eragile ekonomikoei, beren enpresen ateak eta denbora irekitzeagatik. Ikastetxeei, ikasgelatik haratago inplikatzeagatik. Azkoitiko eta Azpeitiko udalei, koherentziaz eta konstantziaz babesteagatik. Eta, batez ere, atzo bertan egon zen pertsona bakoitzari, proiektu hau programa bat bakarrik ez dela erakusteagatik: eskualdea egiteko modu bat da.