AA Sortzailearen erabilera praktikoetan sakondu dute Urola Erdiko industria-enpresek

2026-09-17
Industria
Iraurgi Berritzenek antolatutako hiru lan-saioetan, profil profesional ezberdinek AA Sortzailea beren eguneroko jardunean aplikatzeko erabilera-kasu zehatzak landu zituzten.

Atzo ospatu ziren Iraurgi Berritzenek industria-enpresetako profil desberdinetako profesional eta arduradunei zuzenduta antolatu dituen Adimen Artifizial Sortzaileari buruzko hiru lan-saio praktikoak. Lan saio hauetan eskualdeko 11 industria-enpresetako profil desberdinetako 36 parte-hartzaile bildu ziren. Helburua teknologia honen inguruko ezagutza orokorretik harago joatea eta AA Sortzaileak eguneroko lan-funtzioetan eskaintzen dituen aukeretan sakontzea izan zen.

Horretarako, lan saioak hiru profil profesionalen arabera antolatu ziren, enpresa barruko arlo bakoitzaren errealitatera egokitutako erabilera-kasuak lantzeko. Lehenengo saioa marketin, salmenta, bezeroarentzako arreta eta salmenta osteko profilei zuzendu zitzaien, eta bertan 6 enpresetako 13 ordezkarik parte hartu zuten; bigarrena, bulego tekniko, ekoizpen, biltegi eta kalitate arloetako profesionalei, eta 6 enpresetako 16 parte-hartzaile bildu ziren; eta hirugarrena, zuzendaritza, finantza, erosketa eta berrikuntza arduradunei zuzendu zen, 6 enpresetako 7 ordezkariren parte hartzearekin kontatuz.

Izaera praktikoa eta aplikatua izan zen hiru saioen ardatz nagusietako bat. Parte-hartzaileek AA Sortzailearen tresnak zuzenean ezagutu, probatu eta teknologia horrek bere lanpostuan edo arloan izan ditzakeen erabilerak identifikatzeko aukera izan zuten. Modu horretan, erabilera generikoetatik harago, enpresa bakoitzaren eguneroko errealitatera hurbiltzea bilatu zen.

Saioek erakutsi zuten AA Sortzaileak industria-enpresen hainbat arlotan aplikatzeko aukerak eskaintzen dituela, eta teknologia horri etekina ateratzeko gakoa enpresa eta profil bakoitzaren beharretara egokitutako erabilera-kasuak identifikatzea dela.

Lan-saio hauek Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria-enpresen trantsizio teknologiko-digitala eta lehiakortasuna indartzeko egiten duen lanaren baitan kokatzen dira, teknologia berriak eguneroko jardunean modu praktiko eta eraginkorrean txertatzen laguntzeko.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia