Iraurgi Berritzeneko Enplegu Arlotik, Urola Erdian langabezia murrizteko eta laneratze aukerak sustatzeko lanean jarraitzen dugu, bertako eragileekin elkarlanean. Ildo horretan kokatzen da “Urola Erdian ElkarEkin Eraginez IV” proiektua, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei gizarteratze- eta laneratze-bide egokituak eskaintzea helburu duena.
Proiektuaren baitan, 2025eko otsailean abian jarri zen Fabrikazio Mekanikoko eragiketa osagarriak ikastaroa amaitu berri da. 400 orduko prestakuntza honek gehi ondoren eskualdeko enpresetan egingo dituzten praktikek ziurtagiria lortzeko aukera emango die parte-hartzaileei.
Ikastaroa Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan eskaini da, eta bertan 15 pertsona (2 emakume eta 13 gizonezko) aritu dira ikasten eta gaitasun berriak eskuratzen. Parte-hartzaileen inplikazioa eta interesa nabarmena izan da.
Ikastaroari amaiera emateko eskualdeko 4 industria enpresa ezberdinetako ordezkariak izan dira bisitan Izarraitz Lanbide Heziketa Zentroan, Astigarraga Kit Line, Ekintza Mekanizatuak, Glual eta Ibarmiakoak hain zuzen.
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, eta eskualdeko prestakuntza- eta gizarte-eragileekin elkarlanean gauzatu da, tokiko enplegagarritasuna hobetzeko helburuari eutsiz.