Ekainak 13an ospatu da Elkarrekin Eraikitzen proiektuari dagokion 12. Ikasturte amaierako Ekitaldia. Proiektuan zehar, bailarako 5 ikastetxeek, 15 rakaslek, 300 ikasle inguruk eta sektore desberdinetako 30 eragile inguruk hartu dute parte (industria, Osasuna, enplegua, ekintzailetza, turismoa, lehen sektorea, gizarte zerbitzuak…)
Ekitaldia, bi atal nagusitan antolatu da. Lehenik eta behin, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten erronkak aurkezteko aukera izan dute (Prozesuaren nondik norakoak, Industria sektorea, osasun arloa, …). Aurkezpenean, prozesuan zehar ikasitakoak eta euren bizipenak elkarbanatu dituzte bertaratutakoekin. Bigarren zatian berriz, ikastetxe ezberdinetako ikasleek lagunduta mahaingurua egin da. Ideia eta hausnarketa politak entzun ahal izan dira bertan:
- “Bisitak oso interesgarriak izan dira. Oso harrera ona egin digute eragileek. Gertukoak izan dira”.
- “Prozesuan zehar, taldean lan egiten, agendak bateratzen, … ikasi dugu. Honetaz gain autonomia, iniziatiba eta erabakiak hartzeko gaitasuna ere landu ditugu”.
- “Hasieran proiektua lantzen hastean, zaila ikusi dugu eta ezjakintasuna sentitu dugu, baina aurrera joan den heinean geroz eta hobeto moldatu gara. Oso interesgarria izan da lan mundua ezagutzeko”.
- “Proiektua bere osotasunean dagoen bezala utziko genuke”.
- “Gomendio bezala, gure atzetik datozen ikasleei esango genieke lotsarik ez izateko eragileekin harremanak izaterako orduan ze oso baliagarria da”.
- “Lan hau ez dugu hartu behar ikastetxeko betebehar bat bezala baizik eta ikasteko zein gure gaitasunal lantzeko balio digun proiektu bat bezala”.
Oro har, 2024/25 ikasturteko edizioa oso positibo baloratu da eta datorren ikasturtera begira, Ikastetxe eta eskualdeko eragileen arteko harremanak estutzen jarraitzeko ahalegina indartzea aurreikusten da.
Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikaslea proiektuaren garapenean nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu; besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren 3. eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten.









