7 proiektu aurkeztu dituzte ikasleek Urola Erdiko ZIENTZIA eta TEKNOLOGIA Azokan

2025-06-11
Hezkuntza ZIMAT

Zazpigarren urtez, 2024/25 ikasturtean zehar eskualdeko ikasleek landutako ZIMAT -Zientzia, Ingenieritza, Matematika, Artea, Teknologia- proiektuak partekatu dituzte Azpeitiko Enparantza Nagusian. Guztira, erakustazokan,  DBH eta Batxiler mailako 7 proiektu aurkeztu dira eta 300 ikasle baino gehiagok hartu dute parte hauen garapenean. 

Ekitaldia, Iraurgi Berritzen Hezkuntza lan markoan, “ZIMAT Urola Erdian” proiektuaren baitan kokatzen da eta eskualdeko 5 ikastetxeek hartu dute parte bertan. Proiektuaren helburua zientzia eta teknologoia zaletasunak nahiz gaitasunak lantzea da ikasleen artean proiektu ezberdinen garapenaren bidez.  

Azken hilabeteetan, irakasle ezberdinen gidaritzapean, eskualdeko ikasleek zientzia nahiz teknologia arloko erronka ezberdinak landu dituzte. Gainera, proiektuen garapenean, ikasleek arlo ezberdinetako ikerlari eta profesionalekin harremana izateko aukera izan dute. Modu honetara, ikasleek proiektuak garatu dituzten eremuetako errealitatea hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute.  

Azokan, ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dira. Guztira, honako proiektuak aurkeztu dira: “Hamaiketako Bidaiariak  – Disziplinartekoa”, “Txanponen kolorea aldatzen – Kimika”, “Negutegi Sentsorizatua – Disziplinartekoa”, “Eguzki Sistema – Disziplinartekoa”, “Landareen zainketa adimentsua – Disziplinartekoa”, “STEAM ikaskuntza ereiteko hazitegia – Disziplinartekoa” eta “Robotikako proiektuak – Teknologia”. 

Ekitaldian zehar, Azkoitia eta Azpeitiako udal ordezkariek hartu dute parte. Hauek arduratu dira, batetik, ekitaldia ireki eta bertaratutakoak agurtzeaz eta azkenik, ekitaldi amaieran oroigarriak banatzeaz. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia