Abian da Azkoitia-Azpeitiko merkatariak biltzen dituen online denda

2015-02-13

Gero eta ohikoagoa da herritarren artean salerosketak online egitea, hala erakusten dute urtea joan eta urtea etorri eragile ezberdinek argitaratzen dituzten datuek.

Internet bidezko salerosketak orain ez urte asko hasi baziren ere, teknologiaren garapenak nabarmen aldatu ditu kontsumitzaileen erosketa ohiturak.

Azken urteotan kontsumo ohituretan eman diren aldaketak nahiz merkatari txikiaren beharrak aintzat hartuta, Elkarmedia informatika enpresak, Iraurgi Berritzenekin lankidetzan, “Hemenbuy!” izenaz ezagutzen den internet bidezko salerosketa plataforma diseinatu eta argitaratu du dagokion bidalketa zerbitzuarekin.

Hemenbuy! egitasmoak Azkoitia-Azpeitiko merkatari txikiei internet bidez salerosketak egiteko gune bat eskaintzea du helburu. Merkatariek era guztietako produktu eta zerbitzuak eskaini ditzakete bertan urteko 365 egunetan Elkarmedia informatika enpresak honetarako apropos sortu duen teknologia erabilterrezaren bitartez. Gainera, sortu den platafomaren kudeaketa ohiko internet bidezko salmenta guneena baina nabarmen sinpleagoa da.

Webguneak hainbat onura eskaintzen dizkio azken kontsumitzaileari. Azkoitia-Azpeitiko merkatarien eskaintza webgune bakar baten bitartez ikusteaz gain, erosketa bakar baten bitartez mota ezberdinetako dendetatik produktuak erostea ahalbideratzen du webguneak. Bestalde, egunerokotasunean erosten dituen produktuak plataformaren bitartez erosi eta merkatariaren dendan bertan edota nahi duen lekuan jasotzeko aukera eskaintzen du.

Dagoeneko merkatari ugarik eskegi dute euren eskaintza web orrian. Hauek era guztietako produktu eta zerbitzu ezberdinak eskaintzen ari dira eta guztira milaka produktu eta zerbitzu aurki ditzake bertan kontsumitzaileak. Besteak beste, arropa eta oinetako dendez gain, frutategiak, harategiak, lora dendak, optikak edota fisioterapia zentruak ari dira bertan parte hartzen.

Hemenbuy! proiektuak, bere 3 urteko ibilbidean hainbat eragileren babesa lortu du. Besteak beste, SPRI Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Agentzia, Azkoitia nahiz Azpeitiako udalak edota “Bertan” eta “Herrixen” merkatari elkarteak.

Amaitzeko, Hemenbuy! egitasmoan izena eman nahi duen Azkoitia-Azpeitiako merkatari orok ondorengo zenbakietara deitu dezake: 943 85 08 74 / 636 29 85 29. Bestalde, info@hemenbuy.com posta elektronikora idatzi dezakete arduradunekin harremanetan jartzeko

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia