Iraurgi Berritzenek, Donostia-Beterri eskualdeko udalekin (Beterri) eta Elhuyarrekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Urberritzen proiektua jarri du martxan. Proiektuaren helburu nagusia da egungo erronka sozialei erantzun propioak eta egokiak emateko eskualdeetako gaitasuna hobetzea eta berrikuntza sozialean ardaztutako dinamika iraunkor bat sortzea.
Proiektua urtarriletik ekainera bitartean garatuko da. Urtarriletik maiatzera bitartean eskualde bakoitzak bere prozesu propioa izango du, eta, maiatzetik aurrera, bi eskualdeek bat egitea da asmoa, eskualdeen arteko harremanak eta esperientziak landu eta partekatzeko. Gure eskualdera etorrita, hauek dira Urola Erdian landuko ditugun helburu zehatzak:
- Eskualdean dauden gizarte-praktika eraldatzaileak eta berritzaileak ezagutzea, eta horiek berrikuntza sozialaren argitan aztertu eta ebaluatuz, aurrera begira modu eraginkorrean jarduteko hobetzekoak identifikatzea.
- Eskualdeko berrikuntza sozialaren gogoeta bateratua egitea eta etorkizunera begirako erronkak elkarrekin lantzea, eskualdearen berrikuntza sozialean eragiteko ezagutza eta tresna metodologiko berriak eragileen eskura jarriz.
- Eskualdeko eragileen arteko harremanak eta elkarlana sendotzea.
Horretarako, eskualdean garatzen ari diren hainbat proiektu berritzaile ebaluatu nahi ditugu, eskualdean dugun berrikuntza sozialaren gaitasunaz jabetu eta abiatzen ditugun proiektuen bidez sortzen dugun gizarte-, ekonomia- eta ingurumen- inpaktua hobetzeko helburuarekin. Horrela, ebaluazio horien berri eman eta eskualdean dugun berrikuntza sozialaren gaitasuna areagotzeko asmoz, askotariko eragileekin osatutako TOPAGUNEA antolatu nahi dugu. Martxora bitartean ebaluazioak egingo ditugu, eta, apirilean eta maiatzean Topagunearen 2 saio egingo ditugu.
Egitasmoa aurkezteko saio irekia ostegunean, hilaren 18an, egingo da Sindikatu Zaharreko lehen solairuan, 18:00etatik 20:30era. Saio horretan, egitasmoa aurkezteaz gainera, berrikuntza sozialaren markoa eta ezaugarriak azalduko dira, eta hiru kasu praktiko emango dira ezagutzera: Karabeleko/Orona, Azpeitiko Kultur Mahaia eta Eroski/Gureak.
Eskualdeko eragile guztiak animatu nahi ditugu prozesuan parte hartzera: enpresak eta ekintzaileak; gizarte zibil antolatuko elkarteak; udalak eta bestelako erakunde publikoak; hezkuntza- eta formakuntza-erakundeak; eta, oro har, gaian interesa duen edonor.
Aurkezpenean parte hartzeko interesa duten eragileek 943 02 60 69 telefonora deitu edo iabarisketa@iraurgiberritzen.eus edo isorazu@iraurgiberritzen.eus helbidera idaztea eskertuko dugu, hilaren 16a baino lehen.