Eskualdeko ekintzaileei ikusgarritasuna ematen eta ikasleengan ekintzailetasuna sustatzen

2018-06-06

Ekintzailetza arloak, ekintzaile potentzialei beren ibilbidean zehar aholkularitza zerbitzua eskaintzeaz haratago, ekintzailetasuna sustatzeko ekintzak bultzatu eta martxan jartzea du xede.

Helburu horretara heltzeko, ekintzailetzan diharduten beste eragileekin elkarlanean KLINK programa jarri dugu martxan. KLINK-ek ekintza desberdinen bitartez eta ekintzaileen beharretatik abiatuta, eskualdeko ekintzaileek euren proiektuak garatzeko ekintzailetzarako eskualde erakargarri bat sortzea du helburu.

Hiru lan ildo nagusitan egituratzen da programa:

  • KLINK atari: Eskualdeko ekintzailetza jarduera nahiz ekintzaileen ikusgarritasuna eta balorizazioa lantzea helburu duten ekintzak garatzen dira bertan.
  • KLINK bide: Ekintzaile ibilbide guztian zehar bidelagun izateaz gain, beharrezko baliabide eta erremintak eskura jartzea da bere xedea.
  • KLINK gune: Eskualdeko ekintzaileak elkarrekin harremanetan jarri eta elkarren arteko ezagutza eta harremanak sustatzea da bere helburua.

KLINK atari-ren baitan maiatzean hainbat sentsibilizazio ekintza egin dira. Besteak beste, Iraurgi Berritzeneko “TXERTATU MERKATUAN” eta “BIDELAN” lan munduratze programetan ekintzailetza modulua txertatu da. Izan ere, langabetuek lana aurkitzeko duten aukeretako bat da autoenplegua, eta honek eskaintzen dituen aukera eta eman beharreko pausuak aurkeztu dira bertan.

Era berean, eskualdeko hezkuntza zentroetan ekintza ezberdinak garatu dira. Lanbide Heziketan, esaterako, ikasleengan ekintzailetza kultura sustatzeko egiten den ekintzailetza egunean parte hartu da. Bertan, ikasleek, eskualdeko bi ekintzaileren egitasmoen esperientziak entzuteko aukera izan dute.

Bestalde, gaztetxoengan ekintzailetasuna sustatzeko eta eskualdeko ekintzaileei ikusgarritasuna ematea xede duen beste hezkuntza proiektu bat ere abian da. “IZAN EKINTZAILE!” proiektuaren baitan eskualdeko ekintzaileak ikasgelara gerturatu eta ikasleekin euren bizipenak elkarbanatzen dituzte.

Iraurgi Berritzeneko ekintzailetza arloak, akzio hauen bitartez ekintzailetza jarduerak gizartean duen ikusgarritasuna handitu eta hauen balorizazio sozialean ekarpen positiboa eragitea nahi izan du. Ekintza hauek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz eman ahal izan dira aurrera.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia