Azpeitiko Udalak COVID-19 birusak eragindako kalte ekonomikoei erantzuteko 600.000 euroko dirulaguntza lerroa martxan jarri du

2020-03-21

Espainiako Gobernuak alerta egoera deklaratu ondoren, Azpeitiko Udalak 600.000 euroko dirulaguntza lerroa zabaltzea erabaki du.

Koronabirusaren aurrean hartutako neurriek sortutako ondorioak konpentsatzeko eskainiko dituzte laguntzak. Hain zuzen ere, haurren nahiz dependentzia duten herritarren zaintzarako eta saltoki txikien, ostalaritza establezimenduen nahiz antzekoen itxierak eragindako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko banatuko ditu laguntzak erakundeak.

Udalak jakinarazi duenez, gainerako erakundeetatik ere iritsiko dira herritarrentzat eta ekonomia eragileentzat laguntzak eta neurriak. Dena den, Udalak neurri horien zain egon gabe 600.000 €-ko dirulaguntza lerroa martxan jartzea erabaki du. Herritarren egoneziaren aurrean, neurri prebentiboak egoki aplikatzeko baliabideak jartzea erabaki du, eta aldi berean, sorrarazitako kalte ekonomikoen aurrean herritarrei erantzun egokia emateko. Udala da herritarrengandik gertuen dagoen eta gertukoena den erakunde publikoa, eta lehen erantzunak bertatik bideratzea da asmoa. Beti ere gainontzeko administrazioek epe labur nahiz ertainean har ditzaketen neurriak kaltetu gabe.

Udalak azaldu duenez, eragile ekonomiko nahiz sozialei, maila desberdinetako erakunde publikoei, guztiei, dagokie beren ahalmenaren araberako ekarpena egitea. Martxan jarri berri dituzten dirulaguntzak gainerako laguntzekin bateragarriak eta osagarriak izango dira.

Hona hemen, bi lerroen gaineko azalpenak:

Haurren nahiz dependentzia duten herritarren zaintzarako dirulaguntzak. Guztira 300.000€ bideratuko ditu zeregin honi lotutako laguntzetara.

  1. COVID-19aren ondorioz, 0-12 urte bitarteko haurren edo dependentzia duten herritarren zaintzarako egin diren kontratazioak diruz lagunduko dira (Kontratazio bakoitzeko, gehienez ere, 1.000 euroko laguntza izango da, jardunaldi osoan).
  2. COVID-19aren ondorioz, 0-12 urte bitarteko haurren edo dependentzia duten pertsonen zaintzarako soldatarik gabeko baimen eskaerak eta antzekoek sortutako kalteak konpentsatzeko laguntzak (laguntza 1.000 eurokoa izango da hilabeteko, bizikidetza unitate bakoitzeko bat erreferentziatzat hartuz).

Saltoki txikientzat, ostalaritza establezimenduentzat eta antzekoentzat dirulaguntzak. Guztira 300.000€ bideratuko ditu.Saltoki txikien nahiz ostalaritzako establezimenduen itxieraren ondorioz sortutako kalte ekonomikoen eragina gutxitzeko laguntzak (gehienez ere, 1.000 euroko laguntza izango da, hilabete bateko erreferentzia hartuta).

Jarraian dirulaguntzen deialdia eta eskaera orriak eskura daitezke:

Edozein argibide behar izanez gero. Jarraian dituzue gurekin harremanetan jartzeko datuak:

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia