Aste honetan, Gerolan proiektuaren baitan bi esperientzia pilotu gauzatu dira eskualdeko 5 ikastetxeetako bigarren batxilergoko gazteekin.
Dinamika hauen helburu nagusia, eragileen eta ikastetxeen arteko harremanak sendotuz, 2. batxilergoa amaitu berri duten eta datorren urtera begira ikasketen inguruko erabakia hartu behar duten ikasleekin lan mundura gerturatzea eta langileen errealitatea gertutik ezagutzea izan da.
Batetik, Enpresa ikasketetan interesatutako eskualdeko gazteek SAMMIC enpresa bisitatu dute. Bertan, enpresa arloko ikasketen irteera profesional desberdinak ezagutzeaz gain, profesionalekin harremanetan egon eta euren zalantzak argitu ahal izan dute.
Bestetik, Ingeniaritza ikasketetan interesa azaldu duten gazteak BIELE-n izan dira. Bertan, ingeniaritza ikuspegi desberdinak ezagutu eta bertatik bertara egiten duten lana ikuskatzeko aukera izan dute, dagozkion zalantzak argitzearekin batera.
Guztira 15 ikasle inguruk hartu dute parte, bizitako esperientziaren inguruan egindako balorazioa oso ona izan delarik.
Gerolan proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko bost ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da.
Ekimenaren helburu nagusia ikastetxeetako orientazio plana indartzea da, eta, horretarako, hainbat lan ildo lehenesten dira, besteak beste, eragileekin harremanak orientazio beharren arabera. Esperientzia hau lan ildo horren baitan kokatzen. Datozen urteetara begira orientazio ikuspegitik ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen arteko elkarreraginak sustatzea lehentasuna izango da eta IB Hezkuntzatik norabide horretan lanean jarraituko da.
{myFlickr}photoset_id=72177720299285361{/myFlickr}