Azaroaren 18an egingo den online saioan, IHOBEk Euskadiko ETEen jasangarritasuna ebaluatzeko BasquESG ekimena aurkeztuko du, enpresei beren egoera aztertzen eta bezeroen zein finantza-erakundeen informazio-eskaerei erantzuten laguntzeko, besteak beste.
Iraurgi Berritzenek, IKASIZ lan-ildoaren baitan, BasquESG ekimena ezagutzeko informazio-saioa antolatu du datorren azaroaren 18an, 09:00etatik 10:00etara, online formatuan. Saioa Urola Erdiko enpresei zuzenduta dago, bereziki jasangarritasunaren arloan aurrera egin nahi duten industria-ETEei.
BasquESG Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena da, IHOBE idazkaritza teknikoa duena, Euskadiko ETEei beren jasangarritasuna ebaluatzen eta ingurumenari, gizarteari eta gobernantzari (ESG) buruzko informazioa prestatzen laguntzeko. Horretarako, EFRAGek garatutako eta Europako Batzordeak gomendatutako VSME estandarra hartzen du erreferentziatzat.
Saioaren helburua eskualdeko enpresei ekimenaren nondik norakoak ezagutaraztea da, jasangarritasunaren arloko egoera ebaluatzeko, hobekuntza-aukerak identifikatzeko eta bezeroen nahiz finantza-erakundeen informazio-eskaerei erantzuteko eskaintzen dituen aukerak azalduz.
Horrez gain, parte-hartzaileek VSME estandarraren araberako jasangarritasun-informazioa bildu, antolatu eta txostena prestatzeko programak eskaintzen dituen prestakuntza eta banakako laguntza teknikoa ezagutuko dituzte.
Jardunaldian, Gorane Ibarra IHOBEko BasquESG ekimenaren arduradunak ekimena aurkeztuko du. Ondoren, BESA – Bernardo Ecenarro S.A. enpresako Baltasar Caballerok, Kalitate eta Ingurumen arduradunak, enpresak BasquESG ekimenean izandako esperientzia partekatuko du.
Saioa bereziki enpresetako zuzendariei eta jasangarritasun, ingurumen, kalitate zein finantza arloetako arduradunei zuzenduta dago, baita bezeroen eta finantza-erakundeen informazio-eskaerei erantzuten dietenei ere.
Iraurgi Berritzenetik, eskualdeko enpresak saioan parte hartzera animatzen ditugu, jasangarritasunaren arloan aurrera egiteko tresnak ezagutu eta beren zalantzak IHOBEko arduradunekin zuzenean partekatzeko aukera aprobetxatzeko.
Saioaren xehetasunak:
- Eguna: Azaroak 18, asteazkena
- Ordutegia: 09:00–10:00
- Formatua: Online
Saio hau Iraurgi Berritzenek Urola Erdiko industria-enpresen trantsizio ekologikoa sustatzeko garatzen duen lan-estrategiaren baitan kokatzen da. Agentziaren helburua da eskualdeko ETE industrialei tresna praktikoak eta beren errealitatera egokitutako baliabideak eskaintzea, jasangarritasunaren arloko erronkei erantzuteko, lehiakortasuna indartzeko eta eraldaketa-prozesuetan aurrera egiteko.