Maiatzak 12 ostiralean, Azpeitiko Basazabal jauregian, ZIUR – Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa-rekin lankidetzan, “Zibersegurtasun arloko ziurtagiriak eta gaur egun gehien erabiltzen diren araudiak” saioa ospatu da. Saioa, industria enpresetako IT (Informazio Teknologiak) arduradunei bideratu da eta bertan parte hartu dute eskualdeko 11 arduradunek.
Lan saioaren lehen zatian, ZIUR-eko adituen eskutik, egun industria sektorean ohikoak diren ziurtagiri eta araudiak aurkeztu dira. Besteak beste, “makina-erreminta”, “energia” edota “Zura” moduko jardueretan gehien erabiltzen diren zibersegurtasun araudiak izan dira hizpide. Gainera, ZIUR-ek, herrialde eta jarduera ekonomiko ezberdinetan gehien erabiltzen diren ziurtagiri eta araudiak ezagutzeko sortu duen tresna aurkeztu du. Tresna honek, Gipuzkoako industria enpresek zibersegurtasun araudietan izan ditzaketen zalantzei erantzuna emateko erreferentziazko gida izan nahi du.
Aldiz, lan saioaren bigarren zatian, azken hilabeteetan garatu diren lan saio nahiz ekintzen ebaluazioa egiteaz gain, datozen hilabeteetan lankidetzan landu nahi diren ildoen identifikazioan egin da lan. Dinamika baten bitartez, datozen hilabeteetan eskualdeko IT lan taldeak lankidetzan landuko dituen gai eta ekintzak zehaztu dira.
Lan saio hauen bidez, zibersegurtasun arloan egon daitezken joera teknologikoen berri emateaz gain, eskualdeko enpresak arlo honetan garatzen ari diren ezagutza, proiektu nahiz praktika onak partekatzea lortu nahi da.