“Urola Zirkularra” proiektuari hasiera eman zaio Ekonomia Zirkularraren baitan

2023-07-11

Aurten ere Eusko Jaurlaritzak -IHOBE erakunde publikoaren bidez- Euskadiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko ETE Zirkularra programa jarri du abian.

Programa honen baitan jasotako diru laguntzari esker Iraurgi Berritzen eta Uggasak, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeetako Garapen eta Berrikuntza Agentziek, bi eskualdeetako 5 ETE-etan esperientzia pilotuak garatu ahal izango dituzte ekonomia zirkularra bultzatzeko.

Urola Zirkularra proiektuaren helburua Urola Garaia eta Urola Erdia eskualdeetako ETE industrialetan ekonomia zirkularrari lotutako aukera eta merkatu-nitxo berriak identifikatu, baloratu eta lehenestea da, aukera horiek bultzatzeko ekintza-plan indibidual bat sortuz.

Iraurgi Berritzenek Uggasarekin elkarlanean landuko duen proiektu honi gaur, uztailak 11, egin den bileraren bitartez eman zaio hasiera. Bileraren helburua proiektua elkarrekin planifikatzea, helburuak, faseak eta metodologia labur-labur aztertuz; talde-bileren eta mugarri nagusien egutegi orokorra zehaztea; alde bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak, eta egon daitezkeen zalantzak argitzea izan da.

Enpresa bakoitzak B+I Strategy-ko adituen laguntza izango du bere proiektu kontretua lantzeko, enpresa bakoitzaren errealitatera, beharretara eta agendetara egokituz.

Prozesuan zehar, ETE parte-hartzaileekin batera hainbat saio bateratu egitea ere aurreiksuten da, esperientziak eta ikaskuntzak elkartrukatzeko.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia