Eskualdeko ekintzaileek motibazioa indartzeko eta emozioak kudeatzeko tresnak landu dituzte

2024-11-21
Ekintzailetza

KLINK Gunearen baitan, atzo azaroak 20, XI. Kafe Tertulia antolatu zen Azkoitiko Intsausti Jauregian, ekintzaileentzako bereziki diseinatutako ekitaldi emozional eta motibatzailea. “Indarra ematen duten emozioak: Kudeatu eta indartu zure motibazioa” lemapean, bertaratu ziren ekintzaileak emozioen kudeaketari eta motibazioaren garapenari buruzko estrategiak eta tresnak partekatzeko aukera izan zuten. 

Tertulia hau kafe baten bueltan sortutako konfiantzazko espazio batean garatu zen, non parte-hartzaileek beren esperientziak eta kezkak partekatu zituzten, giro hurbil eta informalean. Saioaren ardatza emozioak ulertu eta kudeatzeko trebetasunak lantzea izan zen, negozioaren kudeaketan funtsezkoak diren alderdi emozionalak indartzeko asmoz. 

Saioan honako gaiak landu zituzten ekintzaileek; 

  • Emozio desatseginak bideratzeko estrategiak: Erronka emozionalak indar bultzatzaile bihurtzeko teknikak. 
  • Motibazioa indartzeko tresnak: Negozioaren eguneroko gorabeherei aurre egiteko baliabideak. 
  • Laguntza-sare bat sortzearen garrantzia: Karga emozionalak partekatu, lorpenak ospatu eta une zailetan perspektiba jasotzeko ezinbesteko elementu gisa.  

Parte-hartzaileek  saioaren balio praktikoa eta emozionala azpimarratu zuten, eta askok azaldu zuten egunerokoan baliagarri izango zaizkien ikaskuntza eta tresna erabilgarriak eraman zituztela etxera.

XI. edizio hau urtean bi aldiz antolatzen den kafe tertulien zikloaren parte izan da, eta 6 urteko ibilbidean, ekintzailetza emozionalaren esparruan erreferente bilakatu da.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia