Iraurgi Berritzenek eta ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak antolatutako lan-saioan, ahulguneen azterketa, pentesting-a eta industria enpresetako esperientzien partekatzea izan ziren ardatz nagusiak.
Urola Erdiko industria enpresetako IT arduradunak atzo goizean elkartu ziren Basazabal jauregian (Azpeitia), Iraurgi Berritzenen Industria arloak eta ZIUR Zibersegurtasun Industrialeko Zentroak elkarlanean antolatutako saioan.
Lan-saio honen helburua ahulguneen azterketaren zergatia eta zertarakoa ulertzea, tresna eta irtenbide teknikoak ezagutzea, eta parte hartu duten enpresen artean esperientzia eta praktika onak partekatzea izan zen.
Saioan zehar, pentesting praktikarako tresna ezberdinak aurkeztu ziren eta ariketa praktiko bat egin zen, ondoren emaitzak elkarrekin aztertuz. Gainera, Biele eta Ibarmia enpresek pentesting prozeduren aplikazioan izan duten esperientzia azaldu zuten. Horren ondoren, eztabaida ireki baten bidez, gainerako enpresek ere euren ikuspegiak eta esperientziak partekatu zituzten.
Pentesting-a, edo “Penetration Testing”, zibersegurtasunaren arloan oso ohikoa den praktika da, eta erakundeen informazio sistemetan egon daitezkeen ahulgune eta arriskuak identifikatzea du helburu. Teknologia ezberdinen bidez, simulatutako zibererasoen bitartez identifikatzen dira arrisku potentzialak, eta horrek aukera ematen du industria enpresetan babes aktiboa eta prebentzio kultura sendoa ezartzeko.
Lan-saio honetan eskualdeko industria enpresa hauetako IT arduradunek hartu zuten parte: Biele, Ibarmia, Sammic, Erlo, Elkarmedia, Sarralle eta Irurena.
Lan saioa hau Iraurgi Berritzenek eskualdeko ETE-ak trantsizio teknologiko-digitalera egikitzeko martxan jarritako ekimenaren baitan kokatzen da, eta industrian zibersegurtasuna sendotzea da bere asmoa.

