Re-Think Industry 2025: Gipuzkoako ETE industrialak etorkizunera begira

2025-10-21
Enpresa
Azaroaren 12an, Kursaal jauregian, ospatuko da Re-Think Industry 2025 kongresuaren laugarren edizioa, Gipuzkoako ETE industrialen topagune nagusia bilakatua dena, berrikuntza, lehiakortasuna eta trantsizio berrien inguruan hausnartzeko helburuarekin.  

Etorkizuneko industria gaur eraldatzen” lelopean, jardunaldi honek ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko gune bat eskainiko du, industria-sektorearen eraldaketa eta lehiakortasuna sustatzeko asmoz. 

Kongresua Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du, lurraldeko industria-ekosistemako erakunde nagusien lankidetzarekin —tartean, Iraurgi Berritzen—, eta aurreko edizioetan bezala, ehunka enpresa eta profesional bilduko ditu. 

Goizeko saioetan egingo diren lau mahai-inguruek industriaren erronka nagusiei helduko diete: adimen artifiziala, nazioartekotzea, barne-ekintzailetza eta kudeaketa parte-hartzailea, besteak beste. Halaber, Cristina Garmendia (Cotec) eta Javier Aizpurua (BasQ, DIPC) izango dira hizlari nabarmenen artean. 

Mahai-inguruetan, Urola Erdiko IBARMIA (Adimen artifiziala), Vi4Crane (Adimen Artifiziala) eta Irurena Group (Barne-ekintzailetza) enpresek ere parte hartuko dute, beren esperientziak eta ikuspegiak partekatuz industriaren etorkizuneko erronkei buruz. 

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko diputatuak kongresuari hasiera eta amaiera emango diote, Gipuzkoako ETE industrialen trantsizio teknologiko, ekologiko eta sozialarekiko konpromisoa azpimarratuz. 

Re-Think Industry ekimenak, azken urteotan, lurraldeko enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza eta berrikuntza kultura sendotzen lagundu du. 

Iraurgi Berritzenetik, azpimarratu nahi da, Re-Think Industry bezalako ekimenek funtsezko zeregina dutela Urola Erdiko industriaren eraldaketan. 

Horrelako espazioek aukera ematen dute joera berriak ezagutzeko, esperientziak partekatzeko, talentua erakartzeko eta tokiko ekosistema industriala sendotzeko. 

Horregatik, eskualdeko enpresa industrial guztiak animatzen ditugu Re-Think Industry 2025 programan parte hartzera eta esperientzia hau aprobetxatzera. 

Programa osoa eta izen-emateak ondorengo estekan: Re-Think Industry 2025  

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia