65 lantaldetan banatutako 250 ikaslek eskualdeko eragile sozioekonomikoetako hainbat ordezkarirekin elkarrizketak egin dituzte

2026-05-12
Hezkuntza

Maiatzak 12an ospatu da Elkarrekin Eraikitzen proiektuari dagokion 13. Ikasturte amaierako Ekitaldia. Proiektuan zehar, bailarako 5 ikastetxeek, 10 irakaslek, 250 ikasle inguruk eta sektore desberdinetako 31 eragile inguruk hartu dute parte (industria, Osasuna, enplegua, ekintzailetza, turismoa, lehen sektorea, gizarte zerbitzuak…) 

Ekitaldia, bi atal nagusitan antolatu da. Lehenik eta behin, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten erronkak aurkezteko aukera izan dute (Prozesuaren nondik norakoak, Industria sektorea, ekintzailetza arloa …). Aurkezpenean, prozesuan zehar ikasitakoak eta euren bizipenak elkarbanatu dituzte bertaratutakoekin. Bigarren zatian berriz, ikastetxe ezberdinetako ikasleek lagunduta mahaingurua egin da. Ideia eta hausnarketa politak entzun ahal izan dira bertan:  

  • “Proiektu honetan oso garrantzitsuak izan dira taldeko kideen arteko elkarlana eta koordinazioa”. 
  • “Ikastetxetik kanpo landu dugun erronka handi bat izan da, egunerokotasunetik haratago”. 
  • “Bisitak oso interesgarriak izan dira. Oso harrera ona egin digute eragileek. Gertukoak izan dira”. 
  • “Prozesuan zehar, taldean lan egiten, agendak bateratzen, eragileekin harremantzen… ikasi dugu”. 
  • “Etorkizunerako gure eskualdeko errealitatea ezagutzea interesgarria egin zaigu”. 

Oro har, 2025/26 ikasturteko edizioa oso positibo baloratu da eta datorren ikasturtera begira, Ikastetxe eta eskualdeko eragileen  arteko harremanak estutzen jarraitzeko ahalegina indartzea aurreikusten da. 

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikaslea proiektuaren garapenean nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu; besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren 3.  eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten.  

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia