Gaur, urriak 14, Iraurgi Berritzenek ETE Digitala 2025-2026 programaren amaierako saioa egin du Azpeitiko Basazabal Jauregian. Urola Erdiko bost industria-enpresarekin garatutako eraldaketa digitalerako laguntza-prozesua izan da.
Prozesuan parte hartu duten eskualdeko empresak Arrieta, BESA, Grandes Mecanizados del Norte, Ibiltek eta Odrinox izan dira.
Programaren helburua enpresei beren behar digitalak identifikatzen, erronkak lehenesten eta beren errealitatera egokitutako proiektu zehatzak definitzen laguntzea izan da. Enpresa bakoitzak bere egoeratik abiatu da eta lehentasunezko jarduerak zein hurrengo urratsak jasotzen dituen ibilbide-orri bat landu du.
Enpresa bakoitzaren beharrak desberdinak izan arren, egindako lanak hiru esparru nagusi identifikatzeko aukera eman du: datuen gobernantza, bilakaera teknologikoa eta zibersegurtasuna.
Amaierako saioan, enpresek identifikatutako arazoa edo hobekuntza-beharra, landutako aukera, egindako aurrerapenak, egungo egoera eta hurrengo urratsak partekatu dituzte. Saioak, gainera, parte hartu duten enpresen artean esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera eman du.
Programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa izan du; Iraurgi Berritzenek, berriz, prozesua eskualdean sustatu eta koordinatu du, Digitalentu eta Kuik-en laguntza espezializatuarekin.
Jardunaldian, Loreto Susperregi, Berrikuntza Zerbitzuburuak ere parte hartu du. Eraldaketa digital eta teknologikoaren arloan dauden laguntza publikoen ildo estrategikoak azaldu ditu, eta mota honetako prozesuek enpresa-sarearen hazkundea eta berrikuntza bultzatzeko duten balioa azpimarratu du.
Egindako prozesuaren ondoren, enpresak definitutako proiektuak martxan jartzen hasi dira. Iraurgi Berritzenek prozesu horretan laguntzen jarraituko du, eragile espezializatuekin harremanak erraztuz eta eskuragarri dauden laguntza-programak eta tresnak hurbilduz.
Eraldaketa digitalak Iraurgi Berritzenen lan-ildoetako bat izaten jarraituko du, Urola Erdiko enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko.
Iraurgi Berritzenek eskerrak eman nahi dizkie bost enpresei prozesu osoan zehar erakutsitako parte-hartzeagatik, inplikazioagatik eta konfiantzagatik.






