Energiaren, elikaduraren eta garraioaren arloko erronkei erantzuteko elkartuko dira eskualdeko eragileak eta herritarrak

2026-10-09
Tokiko Garapena

  • Urola Erdiaren trantsizio ekosozialerako estrategiak zehazteko azken urratsak izango dira, Urola Erdia Ispiluaren Aurrean prozesuaren barruan.
  • Eskualdeko sei herrietan herritarrek eta gizarte-eragileek udaberrian adostutako lehentasunetatik abiatuko da: energia, elikadura eta garraioa.
  • Prozesua Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako, Aizarnazabalgo eta Errezilgo udalek elkarrekin abiatu dute.

Urola Erdia Ispiluaren Aurrean prozesuaren barruan, energia, elikadura eta garraioaren arloko erronkei erantzuteko estrategiak zehaztuko dira. Horiek izango dira urriaren 28an Azpeitian egingo den lan-saioaren hiru ardatzak. Udaberrian Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako herritarrek eta gizarte-eragileek trantsizio ekosozialari begira adostu zituzten lehentasunak. Orain, hurrengo urratsa emango da: esparru bakoitzean aurrera egiteko lehentasunezko jardun-ildoak identifikatzea.

Eskualdeko hainbat sektoretako eragileek hartuko dute parte: industria, hezkuntza, merkataritza, ekintzailetza, turismoa, gizarte-eragileak, administrazioa eta interesa duten herritarrak. Denen artean, datozen urteetarako lan-ildoak proposatuko dira.

Lan-saioa Urola Erdia Ispiluaren Aurrean prozesuaren beste urrats bat izango da. Udaberrian herritarrei zuzendutako hitzaldi-zikloa egin zen, eta ondoren parte-hartze saioak antolatu ziren eskualdeko herrietan. Oraingoan, jasotako gogoeta eta lehentasunetatik abiatuta, eskualdeko eragileen ikuspegia eta jarduteko aukerak jarriko dira mahai gainean.

HIRU ARLO, HIRU ABIAPUNTU

Saioaren lehen zatian, hiru adituk esperientzia inspiratzaileak aurkeztuko dituzte, ondorengo lanerako abiapuntu gisa.

Elikadura

Mikel Romanek Tokixan aurkeztuko du, Debagoienako Elikadura Estrategiaren esperientzia. Tokiko elikadura-sistema indartzeko administrazioaren, lehen sektorearen, enpresen eta gainerako eragileen arteko lankidetza du oinarri.

Garraioa

Diego Gomezek, INTRAko kideak, Urola Erdiko garraioaren ekintza-plana aurkeztuko du. Urola Erdiko mugikortasunaren diagnostikotik abiatuta, garraioaren alorrean egingo diren urrats nagusiak azalduko ditu. Ekintza-planaren aurrerapena izango da, publiko egin aurretik.

Energia

Eider Murgoitiok, Goienerreko kideak, energia-trantsizioak eskualde bati planteatzen dizkion erronkak eta horiei komunitatetik erantzuteko dauden aukerak aurkeztuko ditu, tokiko ikuspegitik eta urte hauetan guztietan metatutako esperientziatik.

ENTZUTETIK, ADOSTERA

Ez da ohiko hitzaldi-jardunaldi bat izango. Adituen aurkezpenen ondoren, parte-hartzaileek lan-mahaietan jardungo dute. Energia, garraioa eta elikadura bereizita landuko dira, galdera nagusi baten inguruan: zer egin nahi dugu Urola Erdian datozen urteetan, arlo bakoitzean aurrera egiteko?

Mahai bakoitzean, erronka nagusiak kontrastatuko dira, eskualdean martxan jar daitezkeen proiektuak aztertuko dira eta lehentasunezko jardun-ildoak identifikatuko dira. Amaieran, taldeetan landutakoa partekatuko da, eskualde osorako ikuspegi bateratua osatzeko.

Helburua, beraz, hurrengo urratsak zehaztea da: zer egin, zer lehenetsi eta zer eragileren arteko lankidetza behar den identifikatzea.

Hitzordua urriaren 28an izango da, goizeko 9:00etan Azpeitiko Basazabal jauregian.

 

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia