Zerk kezkatzen ditu gaur egun industria-enpresetako IT arduradunak? Urola Erdiko enpresek esperientziak eta irtenbideak partekatu dituzte

2026-10-08
Industria

Gaur, urriaren 8an, Urola Erdiko industria-enpresetako 11 IT arduradunekin bildu gara Basazabal Jauregian, beren enpresetan gaur egun dituzten erronka, kezka eta esperientzia nagusiak partekatzeko lan-saio berri batean.

Oraingo honetan, espazio hurbil eta parte-hartzaile baten alde egin da, eta IT arduradunak beraiek izan dira protagonistak. Elkarren artean hitz egin dute, arazoak partekatu, egoerak, esperientziak eta irtenbideak kontrastatu, eta beste enpresa batzuek antzeko egoerei nola aurre egiten dieten ezagutu dute.

Saioan zehar, besteak beste, honako gai hauek landu dira: IT sailetako erronkak, zibersegurtasuna eta araudi-betetzea, prozesuen digitalizazioa eta automatizazioa, hornitzaile teknologikoen kudeaketa, IT kostuak, datuen babesa eta gobernantza eta Adimen Artifiziala.

Kezka nagusiak identifikatzeaz harago, dinamikak aukera eman du enpresek erronka horiei nola egiten dieten aurre, zer irtenbide ari diren martxan jartzen, zer zailtasun aurkitzen dituzten eta zer ikaskuntza edo praktika on izan daitezkeen baliagarriak beste erakunde batzuentzat sakonago ezagutzeko.

Saioak agerian utzi du, enpresa bakoitzak bere errealitatea izan arren, IT kudeaketaren esparru nagusietan erronka eta behar partekatuak daudela. Enpresen arteko ikaskuntza-gunea sortu da, irtenbide posibleak kontrastatzeko aukera emanez.

Saioaren ondorioek Iraurgi Berritzeni ere lagunduko diote IT Arduradunen Taldearen lana bideratzen jarraitzeko eta hurrengo jarduerak enpresek adierazitako behar eta interesetatik abiatuta definitzeko.

Iraurgi Berritzenek enpresen arteko topagune mota hauek sustatzen jarraituko du, ezagutza-trukea errazteko, praktika onak partekatzeko eta Urola Erdiko industria-ehunaren lehiakortasunean eragina duten erronka teknologikoei elkarlanean aurre egiteko.

ENPRESAK: BIELE, DOMUSA, IBARMIA, SAMMIC, SEIN, IRURENA, SARRALLE, ERLO eta ELMUBAS.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia