Urola Erdiko 18 enpresatako 27 profesionalek lidergoa eta taldeen kudeaketa indartzeko prestakuntzaren lehen saioan parte hartu dute

2026-11-24
Industria

Iraurgi Berritzenek antolatutako prestakuntzaren lehen saioa azaroaren 23an egin da Azpeitiko Basazabal Jauregian, Jon Segovia Deusto Business Schooleko irakaslearen eskutik. Saioan, lidergoa, autoezagutza, autokudeaketa eta komunikazioa landu dira, besteak beste.

Iraurgi Berritzenek, Deusto Business School-ekin elkarlanean lidergoa eta pertsonen kudeaketa indartzeko prestakuntzaren lehen saioa egin du azaroaren 23an, Azpeitiko Basazabal Jauregian. Jardunaldian, Urola Erdiko 18 enpresatako 27 profesionalek parte hartu dute, beren lidergo-gaitasunak garatzeko eta taldeen kudeaketarekin lotutako egungo erronkei erantzuteko tresnak lantzeko.

Prestakuntza Jon Segoviak, Industria Ingeniaritzan doktore eta Deusto Business Schooleko irakasleak, gidatu du. Izaera praktikoa duen ekimen honen helburua pertsonak eta taldeak gidatzen dituzten profesionalei lidergoa indartzeko, taldeak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta erakundeen egungo erronkei aurre egiteko gaitasunak garatzen laguntzea da.

Lehen saioan, lidergoa, autoezagutza eta autokudeaketa izan dira ardatz nagusiak. Parte-hartzaileek norberaren lidergo-estiloa eta indarguneak identifikatzeko, lidergo teknikoaren eta moldakorraren arteko desberdintasunak ulertzeko eta ziurgabetasuna kudeatzeko alderdiak landu dituzte. Horrez gain, helburuak eta estrategiak zehaztean, komunikazio asertiboan, feedbackean eta lan-harreman konplexuen kudeaketan sakondu dute.

Abenduaren 10ean, bigarren prestakuntza-saioa

Prestakuntzak abenduaren 10ean izango du jarraipena, bigarren saioarekin. Oraingoan, aldaketaren kultura, talentua eta erantzukizuna izango dira ardatz nagusiak.

Saioan, aldaketa-prozesuak kudeatzeko estrategiak, ingurune ziurgabeetara egokitzeko gaitasuna, erresilientzia eta norbanakoaren erantzukizuna landuko dira. Era berean, banakako talentuaren eta talentu kolektiboaren kudeaketa, taldeen bilakaera eta aniztasunaren kudeaketa jorratuko dira.

Bi saioen bidez, eskualdeko enpresetako profesionalen lidergo-gaitasunak indartzea eta pertsonen zein taldeen kudeaketa hobetzeko tresna praktikoak eskaintzea bilatzen da, erakundeen egungo erronkei erantzuteko.

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia