Urola Erdiko industria-enpresek BasquESG ekimena ezagutu dute, jasangarritasunean eta lehiakortasunean aurrera egiteko

2026-11-18
Industria

Iraurgi Berritzenek antolatutako online saioan, IHOBEk eta EUSKALITek Euskadiko ETEen jasangarritasuna ebaluatzeko BasquESG ekimena aurkeztu dute, eta BESA enpresak ekimenean izandako esperientzia partekatu du. 

Iraurgi Berritzenek, IKASIZ lan-ildoaren baitan, BasquESG ekimena ezagutzeko informazio-saioa egin du gaur, azaroak 18, 09:00etatik 10:00etara, online formatuan. Saioa Urola Erdiko enpresei zuzendu zaie, bereziki jasangarritasunaren arloan aurrera egin nahi duten industria-ETEei. 

BasquESG Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimena da, IHOBE idazkaritza teknikoa duena, Euskadiko ETEei beren jasangarritasuna ebaluatzen eta ingurumenari, gizarteari eta gobernantzari (ESG) buruzko informazioa prestatzen laguntzeko. Horretarako, EFRAGek garatutako eta Europako Batzordeak gomendatutako VSME estandarra hartzen du erreferentziatzat. 

Saioaren helburua eskualdeko enpresei ekimenaren nondik norakoak ezagutaraztea izan da, jasangarritasunaren arloko egoera ebaluatzeko, hobekuntza-aukerak identifikatzeko eta bezeroen nahiz finantza-erakundeen informazio-eskaerei erantzuteko eskaintzen dituen aukerak azalduz. 

Horrez gain, parte-hartzaileek VSME estandarraren araberako jasangarritasun-informazioa bildu, antolatu eta txostena prestatzeko programak eskaintzen dituen prestakuntza eta banakako laguntza teknikoa ezagutzeko aukera izan dute. 

Jardunaldian, Gorane Ibarra (IHOBE) eta Batirtze Gaztelu (EUSKALIT) BasquESG ekimenaren arduradunek eta ekimena aurkeztu dute. Ondoren, BESA – Bernardo Ecenarro S.A. enpresako Baltasar Caballerok, Kalitate eta Ingurumen arduradunak, enpresak BasquESG ekimenean izandako esperientzia partekatu du. 

Saioa bereziki enpresetako zuzendariei eta jasangarritasun, ingurumen, kalitate zein finantza arloetako arduradunei zuzendu zaie, baita bezeroen eta finantza-erakundeen informazio-eskaerei erantzuten dietenei ere. 

Saioan, eskualdeko enpresek jasangarritasunaren arloan aurrera egiteko tresnak ezagutzeko eta beren zalantzak IHOBEko arduradunekin zuzenean partekatzeko aukera izan dute. 

Saio hau Iraurgi Berritzenek Urola Erdiko industria-enpresen trantsizio ekologikoa sustatzeko garatzen duen lan-estrategiaren baitan kokatzen da. Agentziaren helburua da eskualdeko ETE industrialei tresna praktikoak eta beren errealitatera egokitutako baliabideak eskaintzea, jasangarritasunaren arloko erronkei erantzuteko, lehiakortasuna indartzeko eta eraldaketa-prozesuetan aurrera egiteko. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia