IB SAREA Kontseiluak TGEPren parte-hartze prozesuaren emaitzak balioztatu eta planaren norabide estrategikoa adostu du

2026-11-26
Tokiko Garapena

Urola Erdiko zazpi eremu sozioekonomikoetako ordezkariek eskualdearen etorkizuneko garapen ekonomiko eta sozialerako lehentasunak partekatu dituzte

Azaroaren 25ean egin da IB SAREA Kontseiluaren bilera, eskualdeko zazpi eremu sozioekonomikoetako ordezkariak elkartuz. Saioaren helburua Urola Erdiko Tokiko Garapen eta Enplegu Planaren (TGEP) baitan azken hilabeteetan garatutako parte-hartze prozesuaren emaitzak aztertzea eta planaren oinarri estrategikoak adostea izan da. TGEP Euskadiko eskualdeetan tokiko garapena eta enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bultzatutako ekimena da.

Parte-hartze prozesuan zehar eskualdeko zazpi eremu sozioekonomikoetako eragileek diagnostikoa kontrastatzeko, erronkak lehenesteko eta etorkizuneko jarduera-ildoak proposatzeko lan-saioetan parte hartu dute. Prozesuaren helburua izan da Urola Erdiko errealitate ekonomiko eta soziala bertatik bertara ezagutzen duten eragileen ezagutza eta esperientzia planaren definizioan txertatzea.

Kontseiluan aurkeztutako emaitzen arabera, eremu guztietan adostasun handia dago hainbat erronka estrategikoren inguruan: pertsonen errotzea eta talentua erakartzea, enpresen lehiakortasuna eta eraldaketa teknologikoa indartzea, lanpostu hutsak hobeto betetzea, prestakuntza eta enpleguaren arteko lotura sendotzea, jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea eta eragileen arteko lankidetza eta gobernantza indartzea.

Bereziki, Industria Guneak dibertsifikazioa, eraldaketa teknologikoa eta pertsonen errotzea lehenetsi ditu; Turismo Guneak enpleguari, errotzeari eta mugikortasunari lotutako erronkak nabarmendu ditu; Hezkuntza Guneak orientazioa, oinarrizko lanbide heziketa eta mugikortasuna jarri ditu erdigunean; eta Inklusioa eta Enplegu Guneak ibilbide pertsonalizatuak, errotzea eta lanpostu hutsen betetzea lehenetsi ditu.

Lan-saio guztietan jasotako ekarpenak oinarri hartuta, TGEPren lehen eskema estrategikoa aurkeztu da Kontseiluan. Dokumentuak eskualdearen erronka nagusiei erantzuteko helburu estrategikoak, jarduera-ildoak eta datozen urteetan garatu beharreko proiektu posibleak jasotzen ditu, lankidetza publiko-pribatua, jasangarritasuna, inklusioa eta lehiakortasuna ardatz hartuta.

Hemendik aurrera, parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak planaren behin betiko dokumentuan txertatuko dira. Horrela, Urola Erdiko TGEPak datozen urteetarako garapen ekonomikoaren, enpleguaren eta kohesio sozialaren aldeko ibilbide-orri partekatua osatuko du, eskualdeko eragileen konpromisoan eta lankidetzan oinarrituta.

TGEPri buruz

Urola Erdiko Tokiko Garapen eta Enplegu Plana (TGEP) Eusko Jaurlaritzak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatutako ekimena da, eskualde bakoitzak bere errealitate ekonomiko eta sozialera egokitutako garapen eta enplegu estrategia partekatua diseinatu eta garatu dezan.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia