Aldundiak Gipuzkoa osora zabaldu ditu aurrekontu parte hartzaileak

2015-04-13

Gipuzkoa osoko herritarrek erabaki ahal izango dute aldundiaren aurrekontuaren zati bat zertarako erabili.

Urola Erdian herriko partaidetzako tailerretan parte har daiteke. Hona hemen agenda:

  • Beizama. Apirilak 15, 19:00 (Udaltxean)
  • Azpeitia. Apirilak 16, 19:00 (Udaletxeko 5. solairuan)
  • Azkoitia. Apirilak 22, 18:30 (Elkargunean)
  • Errezil. Apirilak 23, 21:00 (Udaletxean)
  • Zestoa. Maiatzak 7, 19:00  (Udaletxeko pleno aretoan)

Iaz, Gizpuzkoako lau eskualdetara hedatu zuten, eta orain lurralde osora iritsiko da. Hamar eskualde zehaztu dituzte, eta bakoitzean bi miloi euro jarriko ditu diputazioak herritarren eskura, hurrengo lau urteetan inbertsioak egiteko: Bidasoan, Buruntzaldean, Debabarrenean, Debagoienean, Goierrin, Oiartzualdean, Tolosaldean, Urola Erdian, Urola Garaian eta Urola Kostan. Donostia da prozesuan parte hartuko ez duen bakarra. Udalarekin hala adostu du aldundiak, udalak bere partaidetzako aurrekontua duelako eta diputazioaren apustua eskualde ikuspegia lantzea delako.

Parte-hartze prozesuak bost fase izango ditu. Lehena martxan da. Apirilaren 30 era arte, herritarrek euren proposamenak egin ditzakete, hiru bidetatik: Internet bidez (www.aurrekontuahobetzen.eus helbidean); Gizpuzkoa Berria aldizkariarekin banatzen ari diren eskuorria udal egoitzetako postontzietan utzita; edo herrietan egingo diren tailerretara joanda. Ekarpenak egiterakoan, bi irizpide jarraitu behar dituzte parte hartzaileek: proposamenak eskualdearentzako onuragarria izan behar du, batetik; eta aldundiaren eskumenekoa izan behar du, bestetik.

Bigarren fasean, jaso diren proposamenak bildu eta herritarrek aukeraketa bat egingo dute. Ekaineko bigarren astean izango da hori. Jarraian, proiektuak bideragarriak ote diren aztertuko dute aldundiko teknikariek. Herritarrek irailaren bigarren hamabostaldian aukeratuko dituzte behin betiko proposamenak, eta urrian aurrekontu proiektuan txertatuko dituzte: Aurten, berrikuntza gisa, eskualdeetako garapen agentziak integratu dituzte prozesuan. Horiekin batera, erakunde eta udalek ere aukera izango dute haiekin ekarpenak egiteko. Gainera, lehentasuna emango diete epe luzeagoko proiektuei.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia